Ispilua, mila puska eginda

Egilea:

Data: 2012/06/24

EUROKOPA 2012

Italiak jokatuko du finalerdia Alemaniaren aurka. Ingalaterra kanporatu du penaltietan (4-2), neurketa hutsean amaitu eta gero.

  • Aurreko txapelketetan, hainbat aldiz, Italiari buruz idatzi eta esan izan da merezimendurik gabe sailkatu zela, txapeldun izatea ez zuela merezi, futbola ez dela justua eta abar. Bekatua hauxe, dogmatikoen begietan: defenditzeari ematea erabateko garrantzia, erasoan ezer gutxi eginez, eta baloia gutxi ukitzea. Gaur, dogmatikoek esan eta idatzi dute Italiak merezimenduz jokatuko duela finalerdia. Hala izan delako, eta Ingalaterrak jantzi duelako Italia honekin batere antzik ez duen beste Italia haren mozorro zurruna.
  • Penaltietan bota du ispilua harrika. Baina partidan zehar eman dizkio kolpe txikiak, erdi zartatuta utziz. Italiak garai bateko Italia ikusi du ispiluan, Ingalaterra izenarekin.
  • Ekimena Italiak izan du. Baina huts handia egin du. Nabarmenegia hala prestatuta ez zegoela sinestarazteko: ia beti barrutik jokatu du, hegalak hegaletako atzelariei utziz. Pirlo, De Rossi, Montolivo, Marchisio… denak elkartu dira zelaiaren erdian, eta Ingalaterra eroso egon da, lauko bi lerro jarrita, eta Welbeck (gero Carroll) nahiz Rooney asko atzeratuz. Italiari komeniko zitzaion ingelesen bigarren lauko lerroa (erdilariena) askoz gehiago zabaltzea, jokalari bat gehiago behar zuen horretarako hegal bakoitzean, baina ez da hala izan. Nahiz eta Cassano hegaletan asko ibili.
  • Eta beste hutsa: aukeran makalegi mugitu du baloia. Ingelesek baskulazioa eginda lortzen zuten zuloak ixtea.
  • Luzapenean bai, hor askoz gorago ibili dira atzeko hegalekoak (Balzaretti eta Maggio -Abateren ordez atera da 90. minutuan-). Eta Italiak gehiago zabaldu du zelaia.
  • Gaur ere maisu, eredu eta izar, Andrea Pirlo. Ingelesak asko atzeratu direnean, askoz erraztasun gehiago izan ditu, bakarrik egon delako. Baina horiek dira paseak, atzelarien bizkarra bilatzeko; hori da hori baloia ez galtzeko teknika, ezkutatzeko abilezia. Eta penaltietan, Pirlok Panenkarena egin du. Txapela kentzeko modukoa.
  • Diamanti txikiak ere asko eman dio taldeari. Ingelesen lauko bi lerroen artean aritu da, eskuin hegaletik gertu, areara iritsiz, bizitasunarekin… eta baloia ondo baino hobeto menderatzen duenez, gutxi behar izan du final-laurdenetako heroi bilakatzeko. Nocerinoren minutuak ere onak izan dira, aulkitik atera eta gero.
  • Ingalaterrari buruz, beste selekzio batzuei buruz esandako bera, honek aitzakia duen arren: bakoitzak nahi duen bezala antolatzen du taldea, nahi duen eredua baliatzen du, baina atzean sartu eta kontraerasoan jokatzeko baino talde hobea dauka. Aitzakia, hauxe: Hodgsonek denbora gutxi izan du lanerako, ardura hartu berria baita, eta lesionatu asko ditu.
  • Italia eta Alemania aurrez aurre orain. Alemania da faboritoa, baina Italia aurkari izateak ez al dio alemanarren faborito izate horri indar pixkat kentzen, faborito izaten segitu arren?