Iragana berriz idazten

Egilea:

Data: 2012/10/15

EUROPA
Realeko bi jokalari ohi lotu ditu berriki Sporting Lisboak: Sa Pinto kendu du entrenatzaile lanetik, Oceano Andrade jartzeko.

“Futbolean zerbait gertatu eta gero, gertakari horrekin jendea harritzea da gehien harritzen nauena” (John Toshack).

Galestar entrenatzailea aipatu, eta Realean bizi izan zuen aurreneko aldia gogora ekartzen bada, Sporting Lisboak ezinbestean azaldu behar du. 1991ko udan, handik ekarri zituen bi erdilari: Carlos Xavier eta Oceano. 1994ra arte egon ziren Donostian.

Handik hiru urtera, 1997an, beste portugaldar bat fitxatu zuen Realak: Sa Pinto. Ordurako ez zegoen Toshack, baina entrenatzaileak urte batzuk lehenago ireki zuen bideak segida izan zuen: portugaldarra taldera eta Sporting Lisboatik.

Joan ziren garai haiek, eta Oceano eta Carlos Xavier ‘desagertu’ egin ziren ospearen argietatik. Futbolari lotuta segitu dute, baina beste maila batean. Oceano entrenatzaile hasi zen, eta duela hamar bat egunera arte Sporting Lisboako bigarren taldearen arduraduna zen.

Sa Pinto aurreko denboraldian azaldu zen, indartsu eta zalapartatsu, ohi zuen moduan. Euskal Herrian izan zen, Sporting Lisboako entrenatzaile lanetan, Athleticen aurka lehiatzen, Europako Ligako finalerdian. Denboraldia hasita zela eman zioten ardura, eta lan txukuna egin zuen. Sasoi honetan ere, berak ekin zion lanari, baina duela hamar bat egun, bidali egin zuen zuzendaritzak. Emaitza txarrak, halakoetan esan ohi den bezala.

Realean, bere garaian, Oceano zaharra joan eta Sa Pinto gaztea azaldu zen, hiru urteko tartearekin. Orain, Sporting Lisboan, gurutzatu egin dira, baina atzekoz aurrera: Sa Pinto joan da, Oceano azaltzeko. Iraganeko bidea berriz egin dute, baina lekuak aldatuta.

Bitxikeria da. Bat gehiago futbolaren munduan. Harrigarria denik ezin esan, Toshacken pentsamoldeari eta goi-goiko esanari atxikiz gero.