Iparrorratzari buelta
INGALATERRAKO FUTBOLAREN HISTORIA
- Arsenal izan zen Ingalaterra iparraldeko taldeen hegemonia hausten lehena aurreko mendeko 30eko hamarkadan, Herbert Chapman entrenatzaile zuela.
- Dabi Piedrak garai hartako Arsenalen inguruko kontuak ekarri dizkigu lan honetan.
Ingalaterrako Liga sortu eta hasierako hamarkadetan, herrialdearen iparraldeko taldeak izan ziren jaun eta jabe. Hegoaldeko klubek ez zuten titulu bakar bat ere irabazi, 1931ra arte. Urte hartan, Londreseko talde bat, Arsenal, izan zen txapeldun. Gaur egun, Ingalaterrako talderik boteretsuenetako bat da.
Ingalaterrako Kopa 1872an jokatu zen lehenengoz, futbol amateurraren garaian, eta Ingalaterra hegoaldeko klubek arrakasta handia lortu zuten, haietan jokatzen baitzuten gentlemen-ek, alegia, futbolari eskaintzeko adina denbora libre zeukatenek. 1888an sortutako liga beste kontu bat zen, ordea. Profesionaltasuna, futbolean, iparraldeko klubek bultzatu zuten eta, dirusarrera erregularragoen bila, liga txapelketa asmatu zuten. Ingalaterra iparraldeko klub profesionalek baino ez zuten jokatzen ligan. Hegoaldekoei kosta egin zitzaien sistema berrira egokitzea eta hamarkada askoan, ligaren beheko mailetan aritu ziren gehienak. Gutxi batzuek, Lehen Mailarako jauzia egin zuten, baina emaitza apalak lortu zituzten, iparraldekoen nagusitasunaren aurrean.

Arsenaleko jokalariak eta entrenatzaileak 1931n irabazitako Ligako trofeoarekin. Bere historiako lehendabizikoa izan zen.
Pixkanaka, ordea, Londreseko klub batzuk indarra hartzen hasi ziren eta, azkenean, Arsenal izan zen iparraldekoen nagusitasuna apurtzen lehena. 1931n irabazi zuen liga, txapelketa hura sortu eta 43 urtera. Arsenalen arrakasta ez zen goizetik gauera lortutakoa izan. 1886an sortu zen, Londres hegoaldeko auzo batean eta, 1913an, hiriaren iparraldera aldatu zen, Highbury zelai mitikoa zabaltzearekin batera (2006an eraitsi zuten). Gorengo mailan sartu-irten batzuk egin eta 1920ko hamarkadan finkatu zen onenen artean. Iparraldeko Huddersfield Town-ekin bi liga irabazi berri zegoela, Herbert Chapman entrenatzailea fitxatu zuen Arsenalek 1925ean. WM izeneko taktika asmatzeagatik eta futbola modernizatzeko ahaleginagatik egin zen ezagun Chapman. Besteak beste, partidak gauez jokatu ahal izateko argi artifizialaren erabilera bultzatu zuen. Chapmanen agindupean, herrialdeko talderik boteretsuena bihurtu zen Arsenal.
Chapmanen garaian, Cliff Bastin eta Alex James bezalako jokalari entzutetsuak, garai hartako izarrak, fitxatu ahal izan zituen Arsenalek. Hala, 1930eko hamarkadan Ingalaterrako talderik arrakastatsuena izan zen. 1930ean, Kopa irabazi zuen, historiako lehenengo titulua Arsenalentzat. Baina benetako lorpena hurrengo urtean iritsi zen. Iparraldeko talde guztiak atzean utzi eta liga irabazi zuten Londresekoek. Iparraldekoen hegemonia hautsita, iparrorratzari buelta eman zion Arsenalek. Hamarkada hartan, beste hiru liga txapelketa eta kopa bat irabazi zituen. Herbert Chapman pneumoniak jota hil zen 1934an, baina bere ondorengoek lan onari eutsi zioten.

Herbert Chapmanen estatua, Arsenalen zelaiaren kanpoaldean.
Gaur egun, Arsenal Ingalaterrako talderik onenetako bat da, baita aberatsenetakoa ere. 13 liga eta 11 kopa dauzka irabaziak, baita Europako Errekopa eta Feria Kopa ere. Lehen Mundu Gerra amaitu zenetik, bigarren mailara jaitsi ez den talde bakarra da Ingalaterran. Gainera, 1930eko hamarkadan hegoaldeko taldeei bidea erakutsi zien eta, Arsenalekin batera, hegoaldeko beste talde batzuek ligan garaipen bikainak lortu dituzte harrezkero (Chelsea, Tottenham Hotspur eta Portsmouth, esaterako). Hala ere, ligako estatistiketan, oraindik iparraldeko klubek titulu gehiago dauzkate; beraz, 1888an hasitako joera ez da guztiz irauli.