Intentsitatea eta pazientzia
ESPAINIAKO LIGA
Realak egin dezakeen lanaz eta erronken inguruan analisia egin digu Unai Zubeldiak.
Arrastaka eta epaileari ordua eskatuz amaitu zen 2013-2014 denboraldia, Vila-realen aurka amore emanda. Eta, orduko ondorioei erantzunez, Reala hainbestean ari da zuzentzen denboraldi-aurrea. Ezkor dago ingurua, ezkor Jagoba Arrasateren etsai taldea, eta ezkor Reala fitxaketaz josi nahiko luketenak. Baina, Errusian lanak amaitzeko zain, datu bat dago argi: bigarren denboraldiz jarraian, Europan lehiatzeko zorian daude txuri-urdinak. Txapeldunen Ligan aurreko sasoian; Europako Ligan oraingoan. Eta balentria handia da hori. Aurretik, hiru aldiz bakarrik dauka lortuta klubak bi denboraldiz jarraian Europan aritzea. Aspaldiko luzeena izango da 2014-2015 denboraldia, giharrak krak txiki baten faltan iritsiko dira apirila-maiatza aldera, baina, begira hasi nahi duenarentzat, aukeran daude ispiluak. Joan den denboraldian Realaren gisa berean hasi zen lehian Sevilla, eta andaluziarrek behetik gorako joera nabarmenarekin amaitu zuten denboraldia: Europako Ligako txapeldun, eta bosgarren Espainiako Ligan. Intentsitatea eskatuko du denboraldiak, eta pazientzia. Aldaketa asko izango da lerro guztietan, eta gorabehera askoko sasoia izateko arriskua dago. Baina, aulkitik hasita, jarraitutasunaren alde egin du klubak, eta Realaren ohiko ezaugarrietako bat izan beharko luke horrek.
Fitxaketa saltsa
Asier Illarramendi aurreko udan, eta Claudio Bravo eta Antoine Griezmann uda honetan. Horiexek dira aurreko denboraldietako lan onaren ondorioak: izar nagusietako hiru galdu ditu Realak bi urte eskasean (82 milioi euroren truke), eta handia da erronka: galera horrekin ere lehiakortasunari eustea. Atepean dago zalantza handietako bat, azken urteotan Realaren jokoaren ikur izan delako Bravo. Hanka jokoan maisu, eta atepean seguru, itzaletik argitara ateratzea egokitu zaio, behingoz, Zubikarairi. Denboraldi bukaeran fitxatzeko aukerarik gabe, eta diru dezente gastatuta, Rulli gaztea ekarri du taldeak ondarroarrari lehia egiteko. Goiko baloietan atezain segurua da argentinarra, hanka jokoan abila, baina, entrenamendu faltan, Zubikarairen alde egingo du Arrasatek. Taldeak galdu egin du baloi irteeran eta segurtasunean, baina Zubikarai da Bardaji heldu artean klubak egin duen apustua. Apustuez hizketan hasita, Granero da horietako bat. Min hartuta igaro zuen aurreko denboraldiaren zatirik handiena, baina bi aldeek ahalegin berezia egin dute fitxaketa gauzatzeko. Esperientzia, tenplea, kalitatea… Pardori oraindik ere falta zaizkion hainbat ukitu dauzka espainiarrak, eta sendotasunean ekarpen handia egingo dio zelai erdiari. Vela, berriz, altxorra da Realarentzat. Mexikarrari eustea ezinezkoa izango zela zirudienean, Donostian aurkitu du etxea aurrelariak, eta ligako aurrelaririk onentsuena dela berresteko aukera ederra izango du, beste behin. Min hartuta igaro du denboraldi-aurrearen zatirik handiena, baina Krasnodarren aurka hamabost minutu nahikoak izan zituen defentsako sistema oro desegiteko gai dela erakusteko.
Griezmannen hutsunea beteko duenik, berriz, ez dago. Ezker hegaletik eta punta-erdi lanetan, frantziarrak desegin ditu ligako atzealde gehienak (Velarekin bikote beldurgarria osatuz), baina, iragan hurbileko nahiak beteta, Atletico Madrilen eskaintza onartzea erabaki du, azkenean. Chory Castro eta Pablo Hervias dira ordezko naturalak, baina taldeak ezker hegal horretan nabaritu du (eta nabarituko du) herrenik handiena. Joko sistema aldatuta erantzun du Arrasatek, hegaletatik barrura eginda, baina talde guztiaren ekarpenarekin konpondu beharko dute txuri-urdinek frantziarrak eskaintzen zuen gol eta puntu uzta handia. Aurrealdean, berriz, Seferovic dotore saldu (Eintracht Frankfurt taldeari, hiru milioi euroren truke) eta Finnbogason fitxatu du klubak, apustu serioa eginda. Hasterako min hartuta dago islandiarra, baina Aberdeenen aurka erakutsi zuen benetako aurrelaria dela. Gola bakarrik ez, mugimendu festa polita eskaini dezake aurrean. Denbora dauka aurka, eta, behin osatuta, ikusi egin beharko da Agirretxeri postua kentzeko gai den edo ez, Arrasatek, gehienetan, bi aurrelariren aldeko apustua egingo duen arren. Canales, Zurutuza, Xabi Prieto, Vela, Agirretxe, Finnbogason… Gol asko eta aurrealde dinamikoa dauzka Realak. Puntu-puntuan jartzea falta da, orain.
Erronbo famatua
Entrenatzaile guztiek egiten dituzte euren ekarpenak, eta, bere garaian Lillok egin bezala, zelai erdian erronboaren aldeko apustua egin du Arrasatek. Zelai erdiko bi hegalak barrualdera itxita, zelai erdian pilatu du bizkaitarrak kalitate guztia, baina, orain artean, irtenbiderik gabe geratzeko arriskua izan du jokoak. Markel euskarri postuan jarrita, eta Pardo eta Zurutuza (Canales edo Granero ere bai) aurretik dituela, barrurako mugimenduak egin eta egin ari dira Xabi Prieto eta Chory Castro, atzealdeko hegaletako bi jokalariei erasorako atea irekiz. Gora iritsi zaleak dira Zaldua eta De la Bella (egoera zailean dira Carlos Martinez eta Yuri), baina erasorako gaitasuna eta hegaletako joko bizia galdu ditu taldeak. Erasoan, Agirretxeren ondoan, bigarren aurrelari gisa ari da jokatzen Chory Castro, baina behin Xabi Prieto edo Canales gaindituta, erabat bakarrik eta salduta geratzen ari da gehiegitan Markel. Lanketa handia eskatzen du zelai erdiko erronboak, eta jokalariei kostatzen ari zaie Arrasateren nahia betetzea.
Chelsearen aurka nabarmen geratu zen ezin hori. Hori bai, fisikoki gora egin ahala, eta aurreko denboraldian Bartzelonaren aurka Anoetan egin bezala (3-1), oso baliagarria izan daiteke marrazki taktiko berria. “Asko gustatu zait lehen ordu erdia. Hori da helburua: jokoaren ekimena gurea izatea, arrisku gehiago sortzeko baloia goian lapurtzea, eta gol aukera gehiago sortzea”. Krasnodarren aurkako partida amaitu ondoren Realeko entrenatzaileak egindako hausnarketa da hori. Arriskuak badauzka sistema berriak, Reala baino talde indartsuagoen aurka batez ere, baina erabat baliagarria izango da zelai erdiko nagusitasuna areagotzeko. Zelai erdiko lau jokalariek erronboarekin 4-2-3-1 sistemarekin baino aukera handiagoa izango dute aurkariaren areara iristeko. Fisikoki puntuan jartzea falta da sistema berriari etekina ateratzeko.
Elustondoren auzia
Zaila da ulertzen Gorka Elustondorekin zer gertatzen ari den. Euskarri postuan herren egin du urte askoan, eta atzeko lerrora pasatu du orain Arrasatek. Gazte garaian bertan jokatutakoa da beasaindarra, baina harrigarria da Mikel Gonzalezi eta Jon Ansotegiri aurrea hartu izana. Elustondorekin taldeak baloi irteeran irabazi egin duela defendatu dute Arrasatek berak eta Lorenek, baina iragan hurbilekoak dira atzeko lerroan egindako huts larri-larriak. Egiari zor, partida handia jokatu zuen Krasnodarren aurka, baina, abiaduraz, teknikaz eta taktikaz, ikusi egin beharko aurkari serioagoak iristen direnean nola erantzuten duen. Cadamuro taldetik kanpo dela eta Gaztañana eta Ansotegi min hartuta, denboraldian zehar Callensek estali beharko ditu atzeko lerroko hutsuneak. Atzealde hori da, ziurrenik, erabat indartu gabe geratu den lerro bakarra.
Helburuak
Hiru helburu zehatz dauzka Realak denboraldi honetarako: Europako Ligako ligaxkan sartzea (lortzear dago) eta lehiaketa horretan, gutxienez, zortzi onenen artera jauzia ematea. Txapeldunen Ligatik iritsiko diren taldeen zain, Sevilla, Everton, Fiorentina, Vila-real, Lyon… horiek dira Realaren balizko aurkaririk indartsuenak. Lehiakortasunean indartuta, txuri-urdinak ez dira horiek baino maila apalagokoak. Real Madril, Bartzelona eta Atletico Madrili urrutitik begira, ligan sei onenen arteko borrokan murgiltzea izango da erronka, beste behin. Eta Kopan aurreko denboraldiko maila berrestea. Koparen zale amorratua da Arrasate, eta, Racingen aurkako kanporaketak samurtuta, baina finalerdietaraino iritsi zen Reala aurreko denboraldian (estu hartu zuen, gainera, Bartzelona). Zozketak baldintzatzen du Kopako jarduna, baina apustu serioa egingo du, beste behin, bizkaitarrak. Denboraldi-aurreko emaitza batzuek, joko sistemak eta jokalari batzuen ekarpenak eraginda, ezkortasuna nabari da zaleen artean, baina lorpen politen denboraldia izateko traza dezente dauka 2014-2015ak.