Ingalaterratik Bilbora… eta buelta etxera

Egilea:

Data: 2014/10/02

INGALATERRAKO LIGAK

Bristol Bilbao Football Club talde sortu berriak hemengo Athletic du sorreraren oinarrian, eta arrakastaz arrakasta dabil Ingalaterrako behe-beheko mailetako Ligetan. Dabi Piedrak kontatu digu taldearen historia oraingoz laburra.

Gauza jakina da futbol modernoa ingelesek asmatu zutela eta, XIX. mendearen amaieran, ingelesen eta bilbotarren arteko trukeari esker iritsi zela futbola Euskal Herrira. Athleticek ingelesezko izena izatea ez da kasualitatea. Baina XXI. mendean, haizeak jira egin eta kontrako norabidea hartu du. Izan ere, Ingalaterran, Bristol hirian, Athletic hartu dute eredu eta Bristol Bilbao Football Club sortu dute.

Izena Bilbori hartu diote eta armarria Athleticen berdina da ia. Hori bai, San Antoneko zubiaren ordez, Bristolen oso ospetsua den Cliftoneko zubiaren irudia jarri dute. Athleticen izenak baino, izanak txunditu ditu, ordea. Marcelo Bielsaren garaiko taldeak Europako Ligan egindako ibilbide bikaina izan zen Bristol Bilbaoren inspirazio iturri. Joko ederrarekin, Manchester United edo Schalke bezalako talde boteretsuak kanporatzeko gauza izan ziren lehoiak, etxeko jokalariak soilik erabilita. Orduan erne zen Bristol Bilbaoren hazia.

Talde amauteurra, lagun artekoa da Bristol Bilbao, baina indartsu ekin diote. 2012an sortu eta lehenengo urtean, erregional mailako txapelketa irabazi zuten, hurrengo denboraldian partidu guztiak irabazita izan ziren txapeldun berriro eta Gloucestershire konderriko federazioak bi maila igotzeko saria eman zien, emandako erakustaldiaren truke. Aurten, bi maila gorago, aurreneko lekuan dira ligan. Bristol and Suburban League First Division da ligaren izena eta, Premier League entzutetsutik zenbatzen hasita, hamalaugarren maila da.

Klubeko arduradunen ustez, talde lana da beren arrakastaren oinarria. Jokalariek ondo barneratua dute jokatzeko era bat, orain arte emaitza harrigarriak eman dizkiena. Gainera, zelaitik kanpo ere, elkarren adiskideak dira eta giro onak lagundu egiten die. Talde garaiezina dirudi Bristol Bilbaok eta prentsan egin dizkieten erreportajeen hauspoarekin, gero eta zale gehiago joaten dira haien partidak ikustera.

Bristol Bilbaoren asmoa hazten jarraitzea da. Bristol and Suburban ligako maila guztiak gainditu eta inguruko konderrietako talde onenak biltzen dituen ligara heldu nahi dute. Gainera, bigarren talde bat ere sortu nahi dute, klubera hurbiltzen diren gazteei jokatzeko aukera emateko. Era berean, beren sorreran eredu izan zuten Athletic ez dute ahazten. Zurigorrien gorabeherak adi jarraitzen dituzte Ingalaterratik eta ohikoa da beren twitterrean Athleticen partidei erreferentziak egitea. Egunen batean San Mames bisitatzeko planak egiten ere hasi dira. XIX. mendetik gaur egun arte, ingelesen eta euskaldunen arteko katea ez da eten, futbolari esker.

Webgunea: www.bristolbilbao.co.uk