Ikusi eta ikasi
EUROKOPA 2012
Italiak jokatuko du finala, Alemania azpiratu eta gero (1-2).
- Txaloak. Txaloak berriz. Txaloak gero. Beste bat, beste bat bukaeran… eta beste bat joko du Italiak igandean. Finalean da, Alemaniaren aurka erakustaldia eman ondoren.
- Egin behar zuen dena egin du ondo. Aurretik landua eta prestatua zuen guztia. Hori da futbolean ondo jokatzea. Defentsako lanean zoragarri, betiko Italiaren pare. Erasoan dotore, Italia berriaren ispilu.
- ‘Talentino’ esaten diote Cassanori. Jokatu duten beste guztiak ere ‘Talentino’ izan dira gaur. Bakoitza bere lanean kalitatea azalduz.
- Atezainei begi kuttunekin eta nostalgiarekin begiratzen dien honek nabarmendu egin behar du Buffonen lana. Hasieran, azaldu egin da. Gero, behar izan duenean ere bai. Munduko onena, ezbairik gabe, munduko osoena.
- Baloia bakarra izaten da futbolean, eta biei komeni zitzaien edukitzea. Italiak bere egin du, eta ez dio utzi Alemaniari bere egiten. Presioa goian egin dio, Neuer atezainari, erdiko atzelariei, hegaleko atzelariei, behera jaisten ziren erdikoei… Denak jan ditu, zelaiari metroak kentzen zizkion heinean.
- Atzerago jarri denean ere defentsako lanean, ondo estutu du estutzeko aukera izan duen egoeretan. Ozil eta konpainia erabat deseroso egon dira baloia oinetan zutela. Beti jokalari bat gainean, eta horri ospa eginez gero, laguntza zehatza gainean. Eta beti horrela. Pazientzia handienekoa ere nazkatzeko modukoa.
- Aberastasun taktikoa Italiarena ikaragarria da. Ikusi eta ikastekoa. De Rossi ze lekutan aritu da gaur? Baloia zuenean taldeak, euskarri eta ezker hegalean. Baloia ez zuenean, euskarri, ezker hegalean eta erdiko atzelari bezala. Eta beti orekaren gainean, ez edozein lekutan, edozein unetan eta edozein moduz. Beste adibide bat: Cassano hegaletara azaltzea, Alemaniaren defentsa hausteko, lekua galarazteko, mugiarazteko erdiko atzelariak. Txikitu egin ditu alemaniarrak. Ikusi lehen gola.
- Hegaletik bereak eta bi egin ditu Talentinok, eta erdiraketa zehatza jarri dio Balotelliri. Buruarekin barrura. Indarrez, egiten duen guztia bezala.
- Italiarren aberastasunari eutsiz berriro: baloiaren jabetzan eroso, baina luze jotzen ere maisu. Bigarren gola adibide. Baloia luze Balotelliri, alemaniarrak gaizki atzean (2×1 zeuden), eta egundoko zartakoa baloiari. Sarera. 0-2.
- Hori dena lehen zatian. Bigarrenean, Alemaniak arriskuak hartu ditu, eraginkortasunik gabe, eta Italiak golen zakua betetzeko makina bat aukera on alferrik galdu ditu.
- Gero, Ozilek gola Alemaniarentzat, penaltiz, bi minuturen faltan. Alferrik.
- Golen kontua. Goizean idatzia hauxe: Alemania eraginkorragoa izan da orain arte. Jokalari trebeagoak dauzkalako. Baina Balotelli izarra da, eta izarrak edozein unetan azaltzen dira.
- Bukatzeko, eta hasteko, eta jarraitzeko, eta inoiz ez amaitzeko, Andrea Pirlo. Hitz larriz, beltzez eta azpimarrarekin. Hori da hori futbolean jokatzea. Hori da hori momentuak eskatzen duena egitea. Hori da hori erritmoa menderatzea, unean unean zer komeni. Hori da hori erakustaldi teknikoa. Hori da hori ikuskizun taktikoa. Ikusteko eta ikasteko. Umeei esateko: “Aizue, horrela jokatzen da futbolean”. “Pirlo bezala?” “Bai, eta Italia bezala”.