Ikatza

Egilea:

Data: 2012/12/22

OSASUNA 1
GRANADA 2

Azken-aurreko postura jaitsi da Osasuna, aitzakirik gabeko porrota izan eta gero.

  • Osasunak gauza eta opari asko espero zituen gaur iluntzean. Olentzerori eskatu zion aurreratzeko urteroko bisita, eta ekartzeko opari gozoak gaurko. Sendotasunari eusteko, erasoan gauzak txukun egiteko, eta hiru puntuak pilatzeko eskatu zizkion. Olentzerok bete du hitza, eta etorri da garaiz. Baina oparietan, gauza bakarra utzi dio Osasunari: ikatza.  Ez sendotasun, ez erasoko jokorik, eta jakina, ezta puntu alerik ere.
  • Ondo baino hobeto hasi da partida. Ninok gol ederra sartu du geldikako jokaldi dotore landuan. 8. minutua zen. Ematen zuen… denek espero zutena ikusiko zela Sadar zaharrean, garaipen eroso antzekoa edo. Baina berehala itzali da nafarren sua.
  • Lehen zatiaren tarte batean hasi da Granada nagusitzen. Eta Osasuna, deseroso. Aurkaria haztea eta Osasuna bere etxeko kaleetan galtzea, dena bat izan da. Andaluziarrek ederki ito dute Mendilibarren taldea: presioa erabiltzeko aukera izan dutenean, erabili egin dute, eta goiko baloietan ere nagusi izan dira, baita bigarren baloietan ere. Horra Osasuna txiki eginda. Ahul. Indarge. Galduta. Ezezagun.
  • Izan ditu Granadak aukera on askoak atsedenaldira irabazten joateko ere. Nabarmen argiak izan dira El Arabik huts egin dituen biak, ahoko zuloan. Benitezen jaurtiketa zitalari erantzun ederra eman dio Andres Fernandezek geroago. Usain txarra hartuta zebilen neurketa, eta kiratsa zabaldu egin da lehen zatia amaieran zela. Tokitako puntatik atera du falta bat Granadak, zaintza barregarri egin dute nafarrek, Andres Fernandez ere dudatan ibili da, eta Mainzek buruz berdindu du partida. Erraztasun gehiegi gauza onerako.
  • Bigarren zatian ere lehengo lepotik burua. Ezinean Osasuna. Eta ezintasuna kalbario latza bilakatu zaio Benitezek bigarren gola egin duenean. Zartako paregabea eman dio baloiari area ertzetik, eta han joan da baloia sarera, inor konturatzerako. Kolpeari kolpea ematea izan da. Osasuna jota utzi du.
  • Egin ditu aldaketak Mendilibarrek, baina Torresek eta Llorentek presentzia baino ez diote eman. Granada zen nagusi. Azken unean aldatu da pixka bat joera, eta emaitza ere aldatzekotan egon da Hondarribiako aurrelaria. Roberto atezainaren gainetik bota du baloia, baina ez oso gora, eta Osasunako atezain ohiak urrundu egin du. Berdinketa zatekeen. Baina gaur ez du ezer merezi izan Osasunak.
  • Ondorioa, izan zitekeenik eta txarrena: azken-aurreko lekura jaitsi da. Eta hurrengo partida urtarrilaren 5ean. Urrutiegi dago egun hori. Burua jateko arrisku latza bilakatu dira Gabon hauek Osasuna osoarentzat.