Ideien mundua eta kobazuloa
EUROKOPA 2012
Greziak eman du ezuste handia, Errusiari irabaziz (1-0), eta A multzoko bigarren bezala sailkatuz. Faborito nagusia, Errusia, etxera bidali du.
- Pentsatze hutsagatik erotzat hartzeko modukoa. Greziak Errusiari irabaziko ziola, eta final-laurdenetara sailkatuko zela uste izatea ez zen logikaren barruan sartzen. Logika hori txapelketako ibiliak zehazten zuen: Errusia ondo eta erraz antzean; Grezia eskas, eta ezinean.
- Futbola ezustez josia dago. Hau handienetakoen multzoan sartu behar da. Greziak irabazi zion (1-0, Karagunisek, 47. minutuan) Errusiari, eta txapelketako geroan zuen lekua kendu ere bai. “Zu kanpora, ni barrura”.
- Greziarren baitan, taldearen barruan, beraiek bakarrik sinesten zuten balentria egin zezaketela. Ideia zen, ideia nagusia. Ideien munduan sartuta egon dira, Platon herkidearen teoriari segituz. Pentsatu eta gauzatu. Perfekzioa dago bertan, eta perfekzioa marraztu beharra zuten Errusia menderatzeko.
- Perfekzioaren lehen oinarria defentsako lanean zegoen. Aurreko bi partidetan gaizki egindako horretan, hain zuzen. Buruan irudikatua zelaian egin zuten. Golik ez jasotzeak handitu egiten du lana ona eginaren ustea. Baina hutsen geratze horretan, bada beste aldagai bat, ordea: aurkariaren eraginkortasuna.
- Errusiaren lanean sartu gara, hortaz. Egin beharrekoak eta bi egin zituen gola sartzeko. Asmatu, aldiz, batere ez. Azken emaitzan eragina izan zuen horrek. Greziarrek besteetan baino hobeto egin zuten defentsako lana, eta errusiarrek besteetan baino gutxiago asmatu zuten. Ondorioa: Errusia kobazulo ilunera, Platonen alderaketarekin segituz.
- Azkeneko emaitzak indartu egin du bi selekzioen inguruko ustea, historian zizelkatua. Errusiak huts handiak egiten segitzen du, eta Grezia balentriak egin zalea da, 2004an Eurokopa irabazi zuenetik.