Ici, c’est Zlatan!

Egilea:

Data: 2014/02/26

Bitxia. Paris Saint-Germainen inoizko bi jokalaririk distiratsuenak bosniar jatorrikoak dira. Artistak biak ere. Aitzindariei, zor zaien errespetua eta miresmena. Zlatan Ibrahimovic baino lehenago, Safet Susic izan zen Parkeko printzea. Orain, Safet printzearen gainetik, Zlatan errege izendatu behar ote den da eztabaida, futbolean gauza guztiak neurtzeko joerari jaramon eginda. Baina ez dugu denbora alferrik galduko. Susicekin gozatu genuen bezala, Zlatanen talentuari lotuko gatzaizkio orain.

Hogeitamar urte igaro dira Sarajevotik erdilari paregabea Parisera iritsi zenetik. Safet Susic. Hamarra zeraman bizkarrean. Orduko hamarra. Futbolean, zenbakien edukia aldatzen joan baita. Garai hartako estrategen artean punta-puntakoa zen egun Bosnia-Herzegovinako hautatzailea dena. Luis Fernandez zen bere bizkarzaina berdegunean. Lider teknikoa Yugoslavia ohitik iritsi zen, heldu samar, kirolariak estatuaren tresna gisa erabiltzen zituztelako, eta, soilik, herrialdeari onena eman ondoren zabaltzen baitzieten atea.

PSG jaioberria zen. Hamar urte besterik ez zituen tituluekin amets egiten hasi zenean. 1983ko Kopa finala gogoangarria izan zen klubarentzat; lorpena beragatik, baina, batez ere, nola eta noren aurka erdietsi zuen kontuan hartuta. Partida handia izan zen. Printzeen Parkea jendez lepo. Nantes historikoa izan zen PSGren aurkaria egun hartan, denboraldi amaieran liga irabaziko zuen hura. 3-2 gailendu ziren hiriburukoak. Bost gol horietatik bi zaleen memorian geratu ziren betiko, zein baino zein ederragoak: Jose Tourek Nantesentzat sartutakoak txundituta utzi zituen guztiak; Susicena, ohikoa zen. Gola bera, eta Toko taldekideari oparitu ziona. Gero, 1985/86 denboraldian aurreneko liga eskuratu zuten, eta Ricardo Gomes, Valdo, Ginola, Weah… taldean elkartu arte ez zuten loria dastatu berriro Parisen. Susicek bere ibilbide oparoa amaitua zuen ordurako eta harmailetan, jarraitzaileen artean, malenkonia nagusitu zen: “Safet Susic, le prince du Parc…”. Hala, klubaren inoizko jokalaririk onena izendatu zuten bosniarra PSGren 40. urteurrenean.

Canal + Frantziak Paris Saint-Germain beregain hartu zuen 1990ko hamarkaren hasieran. Aro berri bat zabaldu zen. Real Madril eta Bartzelonaren borrero bilakatu zen Europan, eta Luis Fernandezen eskutik Errekopa eskuratu zuten 1996an; nolanahi ere, Paris aurreikuspenetatik urrun ibili zen ondorengo urteetan. Bigarren mailatik ere ez zen urrun ibili. Baina jabe berriak iritsi ziren Qatarretik, eta klubaren norabidea aldatu duen futbolaria ekarri zuten besapean.

Igande eguzkitsua Toulousen. PSG ur aparretan iritsi da Stadiumera, Leverkusen 0-4 txikitu ondoren. Ligako partidak arrisku handia du, joan zen denboraldikoa gogoan: orduko hartan 4-0 irabazi zion etxeko taldeak PSGri. Monakok ostiralean garaipena lortu zuen luzapenean (3-2), eta Txapeldunen Ligako ajearen beldur ziren Parisen. Arratsaldeko ordubietan jarri zioten Toulouseko partida. Laurent Blanc entrenatzailea ez zen fio.

Aurreneko ordu erdian majo sufritu zuten paristarrek. Baina badute helduleku bat; talaia ikusgarritik taldea ordenatu egiten duen futbolaria. Susicen argitasuna dauka jokoa bideratzeko, eta Van Bastenen doterezia jokaldiak amaitzeko. Zlatan Ibrahimovic da, denboraldi honetan gol gehien sartu duen aurrelaria: 37 orotara.

Eduki handiko zenbakiak dira horiek. Taldea estu zebilela, Zlatanek gauzak bere onera ekarri zituen. Ohiko gidoia da. Mantra baten moduan errepikatzen den filma. Leverkusenen egin zuen, aurretik Bruselan, Nantesen aurka ligan… Toulousen ere zelaiaren zabalera osoa hartu zuen, baloia bereganatu, eta pausak panorama zehazteko erabili zituen. Bere talaiatik. Frantziako ligan gol gehien berak sartu du: 22. Txapeldunen Ligako golegilerik oparoena da: 10 erdietsi ditu. Hori baino gehiago da, ordea, Ibrahimovic. Jokoa gorpuzten du. Joko antolatzailearen arima duen aurrelaria dela entzun nuen behin. Horratx!

AFP

Txapeldunen Liga irabaztea da PSGren egitasmoa epe ertainean. Frantziako erregetza berreskuratu zuen joan zen denboraldian, 19 urte geroago, eta taldea indartzen ari dira urtetik urtera, Europan nagusi izateko nahian. Azpiegitura sendoa dute jada. Thiago Silva erdiko atzelaria; Thiago Motta, Blaise Matuidi, Marco Verrati erdilariak; Ezequiel Lavezzi eta Edinson Cavani aurrelariak, besteak beste, bidaide ditu Zlatanek. Neguko merkatuan, Yoann Cabaye erdilari fina ere fitxatu dute Newcastletik.

Pixkanaka, taldea frantziartu nahian ari dira. Ildo horretan, Paul Pogba eta Antoine Griezmann begiz jo dituzte datorren denboraldirako. Juventusek esana du, PSGren dirutzaren aurrean ezingo luketela ezer egin Pogbari eusteko. Baina itzul gaitezen suediar erraldoiarengana…

france.info

Leverkusengo sarraskiaren ondoren, itzuliko partida geratzen da Parisen. Bere gol kopurua handitu nahi du Zlatanek. Ordurako, Cavani jokatzeko moduan izango da. Buruz-buruko lehian, Cristianok eta Messik aurkari gaiztoa dute, baina, haien aldean, Ibrahimovicek ezartzen du bere taldearen jokamoldea. Garai bateko hamarra eta betiko bederatzia. Inoiz baino lasaiago eta emankorrago ari da Laurent Blancen aginduetara. Entrenatzaile egokia. Isila, zentzuduna, argia.

Txapeldunen Ligako finalerdiak harrapatzea mugarria litzateke klubarentzat. Gehiago nahi du, ordea. Baina oraindik ez da Bayern, Real Madril edo Bartzelona. Estatus kontua. Ibilian, akaso, lortuko du. Betiere Ibrahimovicen eskutik. Ici, c’est Paris! dioen lekuan, Zlatan jarriko du aurki.