Hurrengo bidaia ere, zerura

Egilea:

Data: 2013/08/20

O. LYON  0
REALA     2

  • Realak sekulako aurrerapausoa eman du Txapeldunen Ligako multzoen fasean izateko.
  • Talde osoaren lan bikainari distira eman diote Griezmann eta Seferovicen gol ikusgarriek.
  • Idazten hasi behar, eta hasiera osatzeko jokaldi, egoera, azalpen eta halako asko edukitzea buruan ona izaten da. Zerbait handia ikusi izanaren adierazgarri. Adjektiboak ere txarrak ez gaurkoan testua zabaltzeko. Onaren adiera dutenak, jakina. Gauza asko gertatu baita gaur. Gertatu ala gertarazi? Gertarazi. Nork edo zeinek? Realak! Real handi batek. Reala eta handia elkarren segidan jarri, eta hor hasiera onena.
  • Txapeldunen Ligako doinu gozoak Anoetan lau aldiz gozatuko ditu Realeko zaleen belarriak. Lyonen aurkakoan, eta beste hirutan… gutxienez, multzoen faseko hiru partidetan. Real handi hau ia-ia sartua delako multzoen fasean. Handia behar delako izan, eta gauzak handitasunez egin Lyonen 0-2 irabazteko. Bai, Lyon hau ez dela beste munduko gauza. Ez da, ala Real handi honek galarazi dio izatea ere?
  • Denean menderatu du Real handiak Lyon: erasoan, defentsan, eta trantsizioetan. Ohiko ezaugarriak erabiliz, eta horixe da handitasunaren beste marka bat: Reala, Reala izan da. Eman izan du jokalariak denboraldi guztietan jokatzen dutela Txapeldunen Ligan. Plazagizon bilakatua dabil Reala azken boladan, eta Lyonen arrastoa utzi du.
  • Atzera begiratu aurrera egiteko bakarrik egin behar omen da. Gaurkoa ikusita, oso garbi daukat Jagoba Arrasatek atzera begiratu duela, taldean zuzendu beharrekoak zehaztu eta zuzentzeko. Honetan antzematen zaio taldeari berritasuna: ederki jabetua dela noiz presionatu behar duen goian, eta noiz jaitsi behar duen atzera. Ez da erraza barneratzea, baina ematen du ondo ikasi dutela. Halakorik ez zen ikusten aurreko sasoietan. Ondo egindakoa biribiltzea esaten zaio horri.
  • Real handi honen baitan, ezinbestean nabarmendu behar dira banakakoak. Velarena izugarria da. Gaurko gol ikusgarrien jantzi dotorea soinean, Griezmannek eta Seferovicek egin dutena bi goletan ikusgarria izan da. Ondo egindako taldean banakako handien distira, eta banakako handien distirak argiztatu egiten du talde ona.
  • Izarren klasean ez daudenak ere izar gaur (ere). Markel Bergara eta Zurutuza maisu baloiak lapurtzen, eta lerroen arteko oreka josiz. Eta Zurutuza trebeetan trebeena aurkariaren lerroak hautsiz, baloia jasotzeko beti ondo eta leku onetan jarrita. Bravori buruz zer esan. Atearen azpian, atezain; eta atetik kanpo ibili denean ere, agintari eta nagusi.
  • Datorren asteazkenean berretsi behar da Real honen handitasuna. Eta duda gutxi ematen du taldeak horretan: egin egingo du. Nahiz eta gaur, zerbait okerra bilatzen hasita, bigarren zatiaren erditik aurrera aukera ederrak galdu 0-5 irabazteko aukerak sortzeko (aurkaria 10 jokalarirekin geratu eta gero, batez ere). Gehiago ezin dela eskatu? Daukanari bai, eta Real handi honek ahal du. Beharko du onetik asko hurrengo bidaietan. Zerura izango diren horietan. Txapeldunen Ligako izarren artean segitzeko bidaien txartelak Lyonen erosi dituelako.