Horrela, ezinezkoa, gaur eta beti

Egilea:

Data: 2013/01/06

REAL MADRIL 4
REALA    3

Aukera ona galdu du Realak, ia partida osoa jokalari bat gehiagorekin aritu eta gero, baina fedea eta jokoa falta izan zaizkio, besteak beste.

  • Beste porrot bat bildu du Realak Bernabeun gaur. Auskalo zenbagarrena. Gol asko jaso du, beste askotan bezala, baina aurreko askorekin alderatuz gero, bada ñabardura handi bat: Real Madril eskas batek sartu dizkio golak. Eta Realak gutxitan izango du halako aukera handik zerbait ona ekartzeko.
  • Are gehiago, ia partida osoa jokalari bat gehiagorekin aritu eta gero. Hasiera mugitua izan du neurketak: Benzemak gola, eta handik gutxira, Adan atezaina kalera, txartel gorriarekin; penaltia alde Realak jokaldi horretan, eta Xabi Prietok berdinketa. Berriz hastea bezalakoa izan da, baina ezaugarri aldeko hau izan du Realak: jokalari bat gehiago.
  • Ez du ondo kudeatu, ez du asmatu egoera hori onerako gauzatzen. Bere ereduari aiztoa sartu dio, kikildu egin delako, ausart izan beharrean. Baloia beldurrez mugitu dute jokalariek, galtzeko arriskua zein arriskutsua izan zitekeenaren gehiegizko zamarekin. Arriskatzeko beldurrez, eta hor ito du bere burua. Batez ere bigarren zatian.
  • Lehen zatian, izan da zer kontatu gehiago. Real Madrilek bigarren gola sartu du, Khedirak, korner baten ondorengo jokaldian. Gero, Xabi Prietok berdindu du. Eta ia-ia, galtzen ere joan da Reala atsedenaldira, aldeko korner bat baliatu ez, gaizki defendatu, eta Real Madrilek ia gola sartu diolako; baina Benzemak zutoinera jaurti du, eta Khedirak kanpora bota gero.
  • Bigarren zatia oso eskasa egin du Realak. Galtzeko beldurrarekin, arriskuak hartzeko beldurrez, bigun… eta Real Madrilek jan egin du. 4-2 jarri da instant batean, kontraeraso batean Cristiano Ronaldok hirugarrena sartu eta gero, eta jokalari berak falta batean laugarrena sartu ondoren (Bravok sekulako hutsa egin eta gero).
  • Xabi Prietok hirugarrena sartu du, gatz pixka bat jarriko ziolakoan partidari, baina itxura ez da aldatu. Gainera, Estradari bigarren txartel horia atera dio epaileak, eta hamarna jokalarirekin amaitu dute partida.
  • Montanierrek argi hitz egin du partida ondorenean: “Gaizki aritu gara teknikan, eta defentsako lanean ere bai. Ez dugu mailarik eman”. Ados entrenatzailearekin. Baina berak ere bere buruari begiratu beharko lioke partida berriz ikusten duenean. Beste behin, partidaren irakurketa txarra egin du. Bigarren zatian nabarmena izan da Real Madrilek non zuen zuloa: hegaletan. Bada, Chory Castro atera du eskuin hegalean, ezkerra izanda. Ez da hegalak baliatzeko aukera egokiena izan. Real Madrilen ahuldade horrekin lotuta, jar zezakeen eskuin hegalean Xabi Prieto, eta Zurutuza punta-erdian, defentsako lana ere indartuko lukeelako horrela. Baina ez zaio halakorik burutik pasatu entrenatzaileari, edo pasatu bazaio, nahiago izan du beste aukera bat aukeratu.
  • Beste gabezia bat: Real Madrilek defendatzen duen bezala, ezinbestekoa da zelaia zabaltzea, jokalariak hegaletan egotea. Baina lan taktikoa eta kontzeptu taktikoak ez dira Montanierren gustuko, eta hori ere zama gaurkoan. Lan psikologikoak ere ematen du zer esana: bezperan, “ia ezinezkotzat” definitu zuen entrenatzaileak Madrilen irabaztea. Auskalo mezu bera edo ezberdina helarazi dien jokalariei aldagelan eta astean zehar, baina gaurkoa bezalako jarrera beldurtiarekin eta apalarekin, ezinezkoa izan da. Eta izango da, berriz gertatzen bada.