Horrela behar zuen

Egilea:

Data: 2013/05/11

OSASUNA  1
GETAFE   0

Osasunak beharrezkoak zituen hiru puntu batu ditu, eta urratsa egin du ez jaisteko bidean.

  • Aspaldiko partez, irabazi egin du Osasunak. Beharra beti egoten da irabazteko, baina gaur inoiz baino gehiago. Irabaztea behar zuen, eta halaxe gertatu da.
  • Aurreikusten zen partida bezalakoa izan da Sadar zaharrekoa: lotua, estua, trabatua… tentsio handikoa azken batean. Osasunako jokalariek asteon esandakoa bete egin dute: irabaztera atera dira (tira, beti ateratzen dira); esan nahi da: aurkaria bere zelaian sartzera, baloia azkar lapurtzera, partidari erritmo azkarra jartzera… Hala behar zuen, eta halaxe joan da lehen zatia ia osoa. Nagusi izan da Osasuna tarte horretan, baina beste askotan gertatu izan zaiona gertatu zaio: ezin golik sartu. Ninoren aukera atearen ia azpian oso argia izan da, baina kale. Armenterosek ere kanpora bota buruz, errazena sarera sartzea zenean. 23. minutuan izan da Ninorena, 26. minutuan Armenterosena.
  • Eta Getafe zertan ari zen? Bada, zain egoten. Ari gutxi, eta egon asko. Bere aukeraren zain, noiz helduko… kontraeraso bat noiz kateatuko, Osasunako jokalariek erasoan baloia leku txarretan galdu zain. Ez dio batere etekinik atera estrategia horri.
  • Osasunaren bizitasuna geratzen joan da minutuak joan ahala, presioan indarra galdu du, eta tarte horretan, bera izan da kontraerasoa baliatzen saiatu dena. Ez da askotan gertatu, ordea.
  • Bigarren zatian, makalagoa izan da neurketa. Epaileak ere falta gehiago adierazi ditu, eta erritmoa jaitsi egin zaio partidari. Halakoetan, normalean, gola sartzen duenak irabazten du partida, eta halakoetan, norgehiagokak oso trabatuak direnean, aparteko garrantzia hartzen dute geldikako jokaldiek.
  • Horrela behar zuen orduan, eta horrela sartu du gola Osasunak. Kornerra atera, eta Arribasek buruz, sorbaldaz edo auskalo zerekin, baloia sarera bidali du. 74. minutua zen. Zailena egina zeukan Osasunak.
  • Getafek arriskuak hartu behar izan ditu. Ordura arteko egon beharra aritu behar bilakatu zaio, eta zuloak uzten hasi da bere zelaian. Osasunak ondo eutsi die kanpokoen oldarraldiei, eta hiru puntu zoragarri batu ditu.
  • Sailkapenean, ihes egin die  Osasunak (36 puntu) Granadari (35 puntu eta partida bat gutxiago, etzikoa, Anoetan) Zaragozari (33 puntu) Deportivori (32 puntu), Celtari (31) eta Mallorcari (29). Arnasa hartu du, eta besteei ke beltza bota arnasteko. Datorren asteburuan, Granadan ariko da Osasuna, eguzkia zoragarri ezkutatzen den paraje horretan. Iluntasun zirraragarri horri argia jartzera joan behar du… denboraldiko helburua lotzera.