Honela ere, irabazi

Egilea:

Data: 2013/03/10

ATLETICO MADRIL  0
REALA    1

Sakrifizioa erasoko talentuaren gainetik jarrita, eta defentsako talentuan oinarrituz, garaipen handia lortu du Realak, orain arteko Ligako etxeko lehia guztiak irabazita zituen aurkariaren aurka.

  • Helduleku asko eta aipagai ugari dauzka Realaren garaipenak: hiru puntuak, nola ez; azkeneko hamabost partidetan bakarra galdu izana; laugarrena harrapatzea sailkapenean (Malaga); Ligan, etxeko lehia guztiak irabazita zituen Atletico Madrili etxean irabaztea… Horiek dira aipatu beharreko batzuk. Idatzita geratu dira.
  • Aipatzeko beste kontu batzuk, datuetaik haratago: Realak irabazi egin du bere ohiko eredua gehiegi erabili gabe. Baloiaren jabetzan oinarritzen den hori, eta golak sartzeko aukera ugari sorrarazten dizkiona, ezin izan du asko erabili gaur, aurkariak ere bere armak dauzkalako. Zurrunagoa izan da Reala, jokalari guztiek jantzi dute sakrifizioaren buzoa, eta talde sendoa izan daitezkeela berretsi dute. Alderatzen bada gaurko jokatzeko eredua eta joan zen igandekoa, Betisen aurkakoa, ura eta ardoa parekatzea bezalakoa da. Ordukoa ona, gaurkoa ere ona. Talde batek halako aberastasuna edukitzea ez da diruarekin ordaintzen. Ezberdin jokatuta ere, irabazi egin du, eta handia da hori, gero.
  • Ezberdintasun horretan, ordea, deseroso ibili da hasierako minutuetan. Erasoan, baloi luzeak ziren aukera bakarra, eta Vela zen aurrelari lanetan. Alferrik baloia gora botatzea. Minutuak aurrera joan ahala erakutsi du Realak bere ohiko jokoa: baloia txukun eta zehatz erabili du; egiari zor, Atleticok ere halaxe nahi izan duelako, hain zitala duen kontraerasoa baliatzeko. Baina eman egin behar zaio bakoitzari berea, eta Realak ondo egin ditu bere lanak. Nahiz eta punta-erdien hiruko lerroa eta Vela lotzeko arazoak izan.
  • Minutuan aurrera joan ahala, erosoago sentitu da Reala; deserosoago aurkaria. Bigarren zatian, indartu egin du egoera hori Xabi Prietoren golak. Taldeko lan osoaren agerpena izan da: lerroak atzeratu, baloia lapurtu eta kontraeraso bikaina gauzatu. 53. minutua zen.
  • Minutu asko geratzen ziren altxorra lotzeko… eta hor azaldu da Reala sendo, talde izaeran. Marrazki bizidunen ordua ez zen, zuri beltzeko film zurruna ekoizteko garaia zen, eta lan ederra egin dute jokalari guztiek: lana, laguntasuna, sakrifizioa… Ez da erraza halako lanak egitea, defentsako jarduna egitea erraza deneko ustea zabalduta badago ere.
  • Etxeko taldeak bultza egin du, izan ditu aukera batzuk, baina ez du asmatu, eta asmatu izan duenean atera botatzen, Bravo azaldu da. Mirandari urrundu dion baloia ikusgarria izan da.
  • Minutuan aurrera joan ahala, gero eta deserosoago ibili da etxeko taldea, itota zeuden jokalariak, angustia aurpegia zeukaten… eta Reala, berean. Beretasun horrek eman dizkio hiru puntuak gaur, bere ohiko berezkotasuna izan ez bada ere.