Honek txotxak ekarri, honek sua piztu… eta honek jan

Egilea:

Data: 2012/09/01

MALLORCA  1
REALA             0

Bigarren zatian ezinean aritu dira Montanierrenak.

Realak baloia erabiltzeko oinarritzen ditu entrenamenduak. Horixe da Philippe Montanierren jokatzeko ereduaren oinarria. Baina gero, partidan, baloia erabiltzeko arazoak izaten badira, seinale txarra.

Horixe gertatu zaio Realari Mallorcan. Bigarren zatian nabarmena izan da gabezia. Etxekoak gorago estutzen hasi direnean, ordura arteko erraztasunak begien bistatik joan zaizkio Realari. Erraztasunak hasieran baino izan ez baditu ere. Hor bai, hor aise moldatu da taldea, baina zelaia aurkariaren arean amaituko balitz bezala izan da: area inguruan, azkeneko pasea, kontrol ona edo mugimendu ona falta.

Tarte horretan, jokalari aurreratuenek ere lagundu egin dute presioa goian egiten, eta kontrolpean izan du neurketa. Baina oso minutu gutxi izan dira. Gero, ireki egin da lehia, eta atsedenalditik bueltan, itxi egin du Mallorcak. Are gehiago kateatu du Victorrek gola sartu eta gero.

Gola jaso ondoren, aukera ederra izan du Xabi Prietok, baina atzelariak galarazi dio gola ia ateko marraren aurrean. Hortik aurrerakoa, ezina. Nahi eta ezin.

Baloiaren jabetzarena tentuz aztertu beharrekoa da, bati baino gehiagori gogoeta eragiteko modua: Illarramendik eta Pardok batera jokatu dute ia partida osoa, abilak dira baloia oinetan, baina bigarren zatian, ezin taldea zuzendu. Bi eta bi lau ez direlako izaten futbolean.

Caparrosen Mallorcarena txalotzekoa da. Taldea osatu du entrenatzaileak, izenen gainetik. Eta denek dakite ondo zer egin behar duten. Hasteko, entrenatzaileak. Gaur, estrategia hau prestatu duela esan daiteke, ikusitakoak ikusita: hasieran, Realari utzi baloia izaten, lerroak atzeratuz; gero, lehia ireki, atsedenaldira heldu arte, gora eta behera horretan fisikoak gehiago emango zion ziurtasunarekin; eta azkenik, aurkariaren nekea baliatuz, bigarren zatian Reala ito, presioarekin. Denen lanak du garrantzia Mallorcan. Haurrei kontatzen zaien honen parekoa da: honek txotxak ekarri, honek sua piztu… eta honek jan!