Hondartzako hareatik futbol zelaiko soropilera

Egilea:

Data: 2015/06/04

INGALATERRAKO FUTBOLAREN HISTORIA

Bere historian lehenengo aldiz, Premier Leaguen jokatuko du Bournemouth talde apalak.
Dabi Piedrak arakatu du klub horren historian.

 

Ingalaterrako futbolaren une gogoangarrien zerrenda egiten hasita, gutxitan agertuko litzateke AFC Bournemouth. Izan ere, urrezko historia daukaten talde erraldoien aldean, iragan apala dauka, herrialdearen hegoaldeko kostaldeko talde gehienek bezala. Aurten, ordea, boteretsuenen erreinuan sartzeko giltzak eskuratu ditu Bournemouthek, Bigarren mailan denboraldi bikaina eginaz. Hortaz, datorren denboraldian Premier Leaguen ikusiko dugu Bournemouth.

Hirien garapenari dagokionez, inguruko eskualdeak baino nabarmen berantiarragoa da Ingalaterrako hegoaldeko kostaldearen erdialdea. Frantziaren aurkako gerretan kanoikadak jasotzera ohituta bizi izan ziren luzaro hango biztanle urriak, arrantzaleen herri txikietan. XIX. mendeak ekarri zuen aldaketa, burgesen klase berriak, eta ondoren hiri industrialetako langileak, oporretarako leku eguzkitsuen bila hasi zirenean. Tren linea berriek hauspotuta, turismoan oinarritutako hiri berriak sortu ziren. Bournemouth 1810ean sortu zen, Hampshire konderriko kostaldean (gaur egun Dorset konderrian dago, muga aldaketa batzuk tarteko).

Hondartzako harea izan da Bournemoutheko bizibidea, futbol zelaiko belarra baino. Hala, AFC Bournemouthek maila apaletan jokatu izan du, 1899an sortu zenetik. Gereziak goitizenaz ezagutzen da taldea. 1923an Hirugarren Mailara igo zen, eta han igaro ditu bere historiako urte gehienak. Maila apaletako titulu batzuk gorabehera, zaleek bereziki gogoan dute 1984an Manchester United ahaltsua Kopatik bota zutenekoa. Harry Redknapp zen orduan Gerezien prestatzailea, gerora ibilbide oparoa izan duen entrenatzailea. 1971tik, Bournemouthen koloreak gorria eta beltza dira, Milan talde italiarraren antzera.

Eddie Howe

2008an, AFC Bournemouthek hondoa jo zuen, zorrek itota, 17 puntuko zigorra jaso baitzuen hartzekodunen konkurtsoa eskatzeagatik. Maila profesionaletatik jaisteko arrisku bizian egon ziren Gereziak baina, harrezkero, gora begira ibili dira beti, Eddie Howe entrenatzailearen gidaritzapean. Aurten, Championship ligako, hau da, Bigarren Mailako txapeldun izan dira, azkenengo jardunaldian Charlton Athleticen aurka lortutako garaipenari esker. Horri esker, 2015-16 denboraldian, AFC Bournemouthek aurreneko sasoia izango du goi mailan, Premier League ospetsuan. Eddie Howe Ingalaterrako selekzioko hurrengo hautatzailea izan daitekeela ere zabaldu da, baina berak dio Bournemouth aldean jarraitzeko asmoa duela. Ez da ohikoa hegoaldeko kostaldeko taldeak garaipenaren aparretan ikustea, Southampton eta Portsmouthen izenak alde batera utzita. Orain, Bournemouthek historia aldatzeko aukera du, bere hondartzetako harearen ospeari futbol zelaietako soropilarena gehituta.