Hobeto ari zarela erakustearen indarra. Teoriatik praktikara
Realak eta Athleticek sailkapenean beherago dituzten bi talderen aurka jokatuko dute gaur: txuri-urdinek Vila-real dute aurkari Anoetan (12:00), eta zuri-gorriek Racing, Santanderren (16:00).
Futbolean jokatzeko ezinbestekoa da jarrera. Oinarrizkoa. Kontzentrazioa, mentalizazioa, konfiantza, autoestimua, motibazioa… horiek denak bere onenean izatea oso garrantzitsua da.
Nork bere buruan sinetsi egin behar du. Egoera horretara heltzeko mila bide daude, eta bat da sailkapenari begiratzea. Gaur, esaterako, Realak eta Athleticek beherago dituzten bi talde izango dituzte kontrario: Vila-real Anoetan (12:00), eta Racing Santanderren (16:00).
Jokalariek sinetsi egin behar dute aurkariak baino hobeto ari direla, buruko indarra eman behar die horrek: gauzak saiatzeko, konfiantza ez galtzeko, motibazioa bizirik edukitzeko… Lagun ona izaten da buruko indarra, nork bere buruan konfiantza izatea, gero emaitza ona lortzeko.
Seguru egon behar dute irabazi egingo dutela. Zergatik? Denboraldi honetan hobeak izaten ari direlako. Eta hori ez da kasualitatea, zerbaiten ondorio da.
Teoria da orain arte azaldutakoa. Gero, praktikan jarri behar izaten da. Baina teoria ondo barneratuta izanez gero, errazagoa da praktika menderatzea. Jakina, futbola ez dela burua bakarrik; teknika, taktika, prestaketa fisikoa ere hor daude, eta alor horietan ere hobea izan behar da. Eta buruak esaten badu hobea naizela, hobea izateko aukera gauzatzen errazagoa da.
Eta motibazioari helduta, bi makulu handi dituzte Realekoek eta Athleticekoek: Realak irabazten badu, ez jaisteko helburua gauzatuko luke ia bete-betean; eta Athleticek garaipena lortzen badu, Txapeldunen Liga gertuago izango luke.