Hiru gol gertuago dago 2.mailatik

Egilea:

Data: 2013/06/22

EIBAR   3
L’HOSPITALET  0

Sekulako aurrerapausoa eman du Eibarrek 2. mailara igotzeko bidean.

  • Eibar oso gertu dago 2. mailara itzultzetik. Pausoz pauso ari da igoerako kanporaketan, eta gaur beste bide puska bat kendu dio: 3-0 menderatu du L’Hospitalet azken kanporaketan, joanekoan. Ipuruan festa. Erabatekoa datorren igandean izateko aukera handiak daude.
  • Lehia hasi eta berehala jarri ditu gauzak bere lekuan Gaizka Garitanoren taldeak. Bosgarren minutuan, 2-0 aurretik zen. Guille Roldanek egin du aurrenekoa, 3. ean. Alboko sakea, bigarren jokaldia eta Roldanen zartakoa sarera. Kataluniarren atzelarien biguntasunaren lehen aztarna. Bi minutu geroago, bigarrena. Diego Mainzek. Berriz ere kataluniarren xalotasuna agerian: atzetik baloia jokatzen hasi, Roldanek baloia kendu ezker hegalean, eta bere pasea dotore baliatu du Mainzek.
  • L’Hospitaletek bereari eutsi dio: baloia belarrari itsatsi eta jokatu. Maila tekniko oneko jokalariak dauzka, eta taktikoki ere oso mugimendu onak bezain interesgarriak erakutsi ditu. Bi egoera bereizi behar dira bere erasoa eta Eibarren defentsako lana lotzeko: baloia atzelariek izan dutenean, Eibar eroso egon da defentsan. Baina ez da hain eroso egon zelai-erdikoek zutenean baloia; batez ere, ezker hegaletik abiatu direnean erasora Migue Alvarezen jokalariak.
  • Eroso eta deseroso, baina golak sartzeko aukerak apenas sortu dizkio aurkariak Eibarri. Falta jaurtiketa bat izan da garbiena, area ertz-ertzean, eta tokitara bota dute.
  • Eibarren beste gabezia lehen zatiaren lehen erdian hau izan da: defentsatik erasorako trantsizioak ez ditu ondo egin, askotan galdu izan du baloia. Gero, beste erdian, hobeto moldatu da, baloia mugitu ahal izan du, eta neurketari zepoa jartzeko balio izan dio. Hori bai, beste huts bat aipatzearren, hau: baloia hegal batetik bestera ezin eramana, zuloa han egon arren.
  • Lehen zatia amaitzerako, bigarrenaren ispilua izan zitekeen jokaldia: Eibarren kontraeraso zitala. Baina golik ez.
  • Bigarren zatian, erosoago ibili da defentsako lanean Eibar. Nahiz eta hasieran ia gola jaso. Baina ahoko zuloan ez dute asmatu kataluniarrek. Ez da gehiago azaldu arriskua Xabi Iruretaren ate inguruan.
  • Minutuak aurrera joan ahala, gero eta zulo gehiago izan ditu Eibarrek kontraerasoan aritzeko. Kataluniarren aldaketek eman baino kendu gehiago egin diote taldeari: bakarka eta taldeari. Ondo baliatu du aukera Eibarrek hirugarrena sartzeko. Diego Jimenez izan da golegilea, aulkitik atera eta gero.
  • Kito lehen lehia. Ematen du… Baina kontuz. L’Hospitalet aurkari zitala da etxean, eta hainbat partida irabazi ditu gol asko sartuz zaleen aurrean denboraldi honetan. Garitanok esan berri duen bezala: “Euforiko jartzea orain itzuliko partida galtzen hastea da”.