Italia: Hiru atzelariko atzeko lerroa: defentsiboa?

Egilea:

Data: 2016/06/14

EUROKOPA 2016

Italiari asko eman zion erasoan honek: erdiko hiru atzelarirekin jokatzeak

  • Azaldu da Italia, eta beldurtu ditu aurkariak, berriz ere. Orain arteko talde sendoena izan ez bada, ez zaio asko faltako. Erasoan izan balu beste zerbait, gaindiezina izango litzateke. Hala ere, aurrealdean zerbait falta duen arren, atzo bi gol sartu zizkion Belgikari. Kontuan hartzeko datua da.
  • Atentzioa eman zidan erasoan nola atera zuen baloia atzetik jokatuta. Jokalariak zelaian nola jartzen ziren ikustea erakargarria egin zitzaidan. Ezaugarri taktiko honetan oinarritu zen guztia: zabalera. Erabat irekitzen ziren jokalari batzuk, eta hegaletatik jokatzeko sekulako aukera eman zien horrek. De Rossi euskarri finko  bezala geratzen zen, eta bere aurreko biak (Parolo eta Giaccherini) zabaldu egiten ziren, baina mugimendu sakona eginez. Eder punta-erdi lanetan ibiltzen zen, erdian sortutako lekuak baliatu nahian…eta hegaletako bi atzelariak (?) oso goian azaltzen ziren.
  • Ez da ohikoa talde bat hainbeste zabaltzea eta hain sakona izatea baloiaren jabe denean; ez behintzat, erdialdean. Horrek eman zidan atentzioa. Etekina ederki atera zion, eta batez ere hegaletan, 2×1 egoerak egin zituelako bi aldeetan, Parolo eta Candrevarekin eskuinetik, eta Giacherini eta Darmianekin ezkerretik.

Italia erasoan vs Belgika Euro 2016 - Football tactics and formations
 

  • Zelai-erdian hainbeste zabaltzea arriskutsutzat hartu ohi da, baloia lapurtu  eta gero zulo eta erraztasun handiak izaten dituelako aurkariak. Baina hemen dator testu honen mamia: hiru erdiko atzelarirekin jokatu zuen Italian, eta atzean behintzat nahiko jokalari bazituen kontraerasoan kaltetua ez izateko. Beti zituen hiru jokalari atzean; eta lau ere bai, De Rossi ere gertu izaten zutelako. Baloia erdian galtzea ez zen buruko min handia Italiarentzat, horrenbestez. Baliabide taktiko aberatsa Italiaren hau.
  • Beraz, erdiko hiru atzelarirekin jokatzea ez da beti estrategia atzerakoi eta defentsiboaren sinonimo. Erasoan irekiago jokatzeko aukerak ugaritu egiten ditu. Talde bat ez da defentsiboa hirurekin atzean jokatzen duelako. Izan daiteke, baina ez bakarrik hamaikakoan hiru atzelari jartzeagatik. Beste osagai asko daude talde bat horrela definitzeko. Erasorako baliabide ona ere bada atzean hirurekin jokatzea. Antonio Conteren Italiak erakutsi zuen atzo.

Futboleko entrenatzailea eta kazetaria