Hasi baino lehen bukatu da

Egilea:

Data: 2014/08/28

EUROPAKO LIGA

Realak ez du Europako Liga jokatuko, 3-0 galdu baitu Krasnodarren zelaian, azkeneko kanporaketaren itzulikoan.

  • Edozein taldeko zale guztiei gustatzen zaie bere taldea Europan barrena lehiatzea. Polita da. Zirrara berezia sortzen du. Bada, Realekoak gogoarekin geratuko dira, taldea ez delako gai izan Krasnodarren itxurazko ezer egiteko. Emaitzak ez du aitzakirako tarterik uzten: 3-0. Tokitan geratu da joaneko 1-0ekoa. Ez du ezertarako balio izan.
  • Oso partida eskasa jokatu du Realak. Batez ere, erasoan. Nekez izan da gai errusiarren presio altua gainditzeko, eta ondorioz, ez du jokorik lotu. Baloi luzeak ia beti, eta Agirretxe eta Canales ez dira horrela jokatzeko jokalariak. Errazegi jo dute luze, baloia berreskuratu orduko askotan, beste aukera batzuk eduki arren. Baten batek esango du luze jotzea dela onena aurkaria gainean duzunean, baina arriskuak hartu behar izaten dira batzuetan, bestela taldea ez delako atzeko zulotik ateratzen.
  • Defentsako lanean ez da gaizki aritu Reala. Lerroak atzeratua egon da askotan, eta nahiko ondo moldatu da errusiarren erasoak geratzeko. Baina hala egotea denbora oso arriskutsua da, eta ikusten zen denbora kontua izango zela errusiarrek golen bat sartzea, edo gutxienez, aukerak sortzen hastea.
  • Bestela, geldikako jokaldietan izan ditu aukera onenak Krasnodarrek. Batean, Rullik sekulako urruntzea egin du, ikusgarria. Argentinako atezainagatik ez balitz, gola izango zen. Geldikako jokaldi landu batean, motzean ateratzen den horietako batean, beste aukera bat izan dute etxekoek, baina jaurtiketa zerura bota du Granqvist kapitainak.
  • Realak aukeratxo bat bakarrik sortu du lehen zatian, eta kontraeraso batean izan da, baina Agirretxeren jaurtiketa atetik urrun joan da. Behin izango aukera erasoan zerbait egiteko, eta ezin baliatu.
  • Emaitza hutsean, eta kanporaketa alde Realak atsedenaldian. Bigarren zatiaren hasieran ez da nabarmentzeko gauza handirik gertatu. Gerora izan dira zalapartak, eta zetorrenaren iragarle izan dira Krasnodarrek egindako aldaketak. Gazinsky euskarria eta taldearen ardatza kendu izana erasoko jokalari bat sartzeko oso deigarria izan da. Berehala galdera, une horretan: gai izango ote zen Reala errusiarren oldarraldia geratzeko lehen bezala lerroak atzean sartuta? Ezezkoak irabazi du zalantza. Bazetorren, eta heldu da.
  • Pena izan da lehen gola etortzea Reala gauza batzuk erasoan egiten hasi denean. Gauza batzuk, gutxi, baina lehen egindakoarekin alderatuta, zerbait. 71. minutua zen, eta penaltia adierazi du epaileak. Ez zuen ematen. Gola Joazinhok, eta 1-0. Kanporaketa berdinduta.
  • Handik gutxira Rulli aldatu behar izan du Realak, min hartuta. Itxuraz, oineko hezurren bat hautsia dauka. Zubikarai atera da, eta lehen baloia ukitzerako ia-ia, 2-0ekoa jaso du, Pereirak area ertzetik egindako zartako batean. Korner bateko bigarren jokaldian izan da, eta bakarrik zen area ertzean. 88. minutua zen.
  • Realak gora jo beharra zuen, eta errusiarrak atzeratu egin direnez, lekua aurkitu du gora egiteko. Jakina, horrek bere zelaian zuloak uztera behartu du, eta kontraeraso batean, Arik 3-0ekoa egin du 91. minutuan.
  • Kitto partida, eta aio Europa. Kolpe gogorra. Eta igandean, Real Madril Anoetara. Laino beltzak azaldu dira Realaren zeruan lehia hasi orduko. Ze euri klase botako duten ikusteko dago… botatzen badute, betiere.