Hartu arnasa lasai

Egilea:

Data: 2013/05/19

ZARAGOZA  1
ATHLETIC  2

Lehen mailan jarraitzeko hainbeste puntu batu ditu Athleticek, emaitza irauli eta gero azken unean.

  • Athleticek mailari eusteko arazoak izango zituela pentsatzea gauzak neurriz kanpo jartzea zen. Nahiz eta egoera dezente gaiztotua ibili tarte batzuetan, nolabaiteko konfiantza ematen zuten taldeak eta entrenatzaileak. Azkenean, ezkorrenen iragarpen ilunak gaur argitu dira. Zaragozan berretsi du berretsi beharrekoa Athleticek.
  • Puntu bakarra behar zuen, baina hirurak atera ditu. Azken unean irauli du emaitza. Hamabi minututan: 80.etik 92.era bitartean, hain zuzen. Ordura artekoan, atzera begira egon da sailkapenean zalea. Zenbatera gerturatzen zitzaizkion zulokoak. Izan ere, taldearen jokoak ez zuen gauza hobeagoetan pentsatzeko aukera handirik ematen.
  • Ezta emaitzak ere 14. minututik. Postigak gol dotore askoa sartu dio Iraizozi, buruz. Errazegi jaso du gola Zaragozak: lau pase emanez heldu da Athleticen area ertzera, eta aurrelari portugaldarrak erraz asko jarri ahal izan du baloia nahi zuen lekuan. Maldan gora berriz ere zuri-gorriak.
  • Denboraldi osoaren traza hartu du partidak aldapa gora ibili behar horretan. Beste behin, direnak eta ez direnak egin behar emaitza ona ateratzeko. Puntua behar zuen taldeak mailari eusteko helburua gauzatzeko, baina urruti ikusten zen.
  • Bi taldeak ari ziren bestea tapatzen txukun antzean… eta jakina, horrela ezin ba erasoan gauza onik egin. Bigarren zatia hasterako, Bielsak Llorente atera du Adurizen ordez. Aldaketa erabakigarria gero ikusi denaren arabera. Baina une hori heldu artean (80. minutu hori), Zaragozak bigarren gola sartzeko aukera parea galdu du alferrik.
  • Athletic pixkanaka ari zen esnatzen, eta Zaragozak egin dituen aldaketa batek edo bestek erabateko piztualdia eman diote. Desagertu egin da etxeko taldea, eta Athleticek gaina hartu dio. Llorentek berdindu du 80.ean, eta Ibai Gomezek sartu bigarrena 92. ean. Hiru puntu gozo klub osoarentzat… Arnasa lasai hartzeko unea heldu da, eta baita erabakiak hartzekoa ere. Patxadaz eta lasai hartzea komeni.