Handia etortzeko, txikia gainditu behar

Egilea:

Data: 2012/10/17

ESPAINIAKO KOPA
Eibar-Arroyo eta Huracan-Alaves jokatuko dira gaur, eta garaileek 1/16ak dituzte zain, eta hor Lehen mailako taldeak lituzkete aurkari, Europan ari direnak, gainera.

Selekzioak Munduko Kopara sailkatzeko partidak aritu ziren jokatzen atzo. Elitea. Egun bat geroago ere bada futbolik. Baina elitearen olatuak irentsita bezala, ezkutuan igarotzeko arriskuan da gaurko jarduna.

Espainiako Kopako hirugarren kanporaketa izango dute jokoan talde apalek eta 2. mailakoek. Apalen artean sartzen dira 2.B mailakoak, eta hor, Euskal Herriko bik diraute lehian: Eibarrek eta Alavesek.

Eibarrek etxean jokatuko du, Ipuruan, Arroyo (Extremadura, Espainia) taldearen aurka. 20:00etan hasiko da lehia, eta klubak dei berezia egin die zaleei bertaratzeko, egun historiko baten atarikoa izateko itxaropenean. Gaurkoa gaindituz gero, elitea izango da Ipuruan final-hamaseirenetan: Real Madril, Bartzelona, Valentzia, Levante, Malaga, Athletic edo Atletico Madril.

Alavesek etxetik kanpo dauka neurketa, Huracanen belar artifizialeko zelaian (Herrialde Katalanak). 20:00etan hasiko da lehia hori ere. Saria Eibarrena bezalakoa dute zain babazorroek. Aurkaria zitala da, 2.B mailako 3. multzoko lidergoan baita.

Erronka polita dute hemengo bi taldeek. Handien aurka jokatzeko, apalak apala gainditu beharra dauka. Txikiaren atzetik baitatoz handiak.

Kanporaketako partida guztiak