Hamabirekin
REALA-DEPORTIVO (gaur, 17:00)
Sailkapenak adierazten duena baino partida zitalagoaren itxura dauka Realarentzat, hainbat arrazoi tarteko.
Hamabigarrena ez da epaileagatik. Hamabigarrena ez da marratik kanpo egongo diren bi epaileengatik. Hamabigarrena zaleagatik da. Hamabigarren jokalaria esan ohi zaio. Zelaiko 11 eta zale kopuru osoa. Osoa, letra larriz jarrita, gainera.
Gaur, Realak hamabigarren horren laguntza beharko du. Sailkapenak ez duela horrelako estutasunen beharrik ematen aurkaria ikusita? Bale, ados, baina Deportivo hau duela hilabete baino zitalagoa izango da, seguru. Entrenatzailea aldatu du, Domingos Paciencia da orain taldearen arduradun, eta joan zen asteburuan, Malaga menderatu zuen etxean. Irabazteagatik baino gehiago, jokatzeko azaldu zuen grina, gosea eta oldarraldia dira kezkatzeko motiboak. Eta atzeko taldeak beti-beti dira arriskutsuak.
Hori bai, Realak ere makina bat kezka eragingo dizkio Portugalgo entrenatzaileari. Jokalari trebeak baititu, arriskutsuak, azkarrak, biziak.
Hamabigarrenaren beharra atzeko jokalariek izango dute; batez ere, Ansotegik eta Elustondok. Mikel eta Iñigo zigortuta daude txartel pilaketak eraginda, eta beste biak ariko dira erdiko atzelari. Edozein taldetan halako aldaketa behartuak izaten direnean, komeni izaten da denen babesa edukitzea berriek. Taldekideena ez zaie faltako. Zaleek ere ezin dute huts egin, zenbaitek Elustondo begitan hartuta duten arren.
Partida luzea izatearen traza dauka gaurkoak. Asko landu behar den horietakoa. Hala bada, pazientzia beharko dute jokalariek aurkaria menderatzeko, eta zaleek ere pazientziarekin badoaz, hobe. 11ri hamabigarrena gehitzen bazaio, errazago geratuko dira puntuak Anoetan.