Gutxirekin ezin asko atera
CELTA 2
OSASUNA 0
Partida txikia jokatu dute nafarrek, eta hirugarren neurketa jarraian galdu.
Oso gutxitan irabazten dira partidak ondo jokatu gabe. Ondo jokatzea ez ulertu polit jokatzea bezala; ondo jokatzea da bakoitzak aldez aurretik prestatua egitea, jokatzeko ereduaren ezaugarriak bistaratzea. Gaur, Osasunak ez du txukun jokatu Celtaren zelaian, eta galdu egin du (2-0).
Osasuna ez da Osasuna izan, eta halakoetan, aurkariaren mende egoteko arriskua handia izaten da. Goizago edo beranduago, botako zuen Celtak fruituren bat Osasunaren zuhaitzetik, eta halaxe izan da. Bigarren zatiaren erdialdera arte ez bada gertatu ere, ikusten zen gertatu egingo zela.
Osasunak minutu batzuetan erakutsi du bere jokoa. Hamar-hamabost minutu izan dira. Llorentek langara ere bota du baloia burukada batean. Gero, kito.
Orain, partida ondorenean, ez da aurreko bi porrotetan entzundako konturik: Deportivoren zelaian itxura ona eman zela baina ez zela atearen aurrean asmatu; Bartzelonaren kontra, etxean, ederki jokatu zela baina berriz ere kale egin zela atearen aurrean. Gaur ez, gaur ezin da ezer nabarmendu. Mina eman dio Osasunari gaur galtzeak. Eta galtzeko moduak are gehiago.