Guardiola eta Bayern: nor-nori-nork
ANALISIA
Galdera nagusi honen erantzunaren bila nabil: Guardiolak hain ezagun egin duen jokatzeko eredua ezarriko al du Bayernen, ala beste bat erabiliko du?
Ezkondu edo elkarrengana bildu dira Pep Guardiola eta Bayern Munich. Eta orain zer?
Galdera hau nuen aspaldian buruan, entrenatzaile kataluniarra beste talde batera joango zenerako prest: nola jokatuko du talde horrek? Taldeak Bayern du izena, eta zer jokomolde azalduko du aurtengo udatik aurrera?
Zalantza horren azpian dago ondorengo gogoeta: Guardiolak Bartzelonan ezarri duen jokatzeko eredua ezaguna da bertako jokalarientzat. Harrobi osoan berdin jokatzen dutelako, eta gauza bera erakusten zaielako, oinarri zehatz batzuetan oinarrituta. Bartzelonako harrobiko jokalariei ez zaie arrotza egin Guardiolaren eredua barneratzea, ezaguna zaielako, eta entrenatzaileak berak ere ez zuen ‘arazo’ handirik edukiko jokalariak ereduan barrena eramaten.
Orain, Bayernen, zer egingo du? Bartzelonakoaren antzeko jokomoldea ezartzen saiatuko da, ala beste bat erabiliko du?
Ez da erraza Bartzelonako jokoa ‘ikastea’. Berezia da, beste inon erabili gabea. Zehatza da, eta aurreko mendeko 70eko hamarkadaren hasieran jarri zuen hasia Laureano Ruiz entrenatzaileak. Erabat irauli zuen ordura arteko lana eta metodologia. Gero, Johan Cruyffek eman zion segida, eta Guardiolak jantzi dio traje dotoreena. Ikasita igotzen dira jokalariak lehen taldera, eta kanpotik datozenek ikasi egin behar izan dute. Javier Mascheranok esana da hau: “Berriz ikasten ari naiz futbolean jokatzen”.
Alemanian, ez dute landu Bartzelonaren eredua, ez harrobian, ez inon. Bayerneko jokalariek ez dute ezagutzen, eta Guardiolak zer hasi behar du dena erakusten hasieratik? Ez du ematen lan erraza, eta agian, beste jokomolde baten alde egingo du. Ziurrenik, ondo landua eta zehaztua izango du dagoeneko.
Guardiolak (nork) Bayerni (nori) aberastasuna(nor) emango dio jokoan. Horretan ez dut zalantzarik.