Gorriak ikusten
ARGENTINAKO LIGA
Independiente B mailara jaitsi berri da, bere historia luzean aurrenekoz. Naxari Altunak gogoeta hau utzi digu.
Independiente. Izen gogoangarria. Club Atletico Independiente: historia handiko kluba. Argentinako distiratsuena nazioartean. Kopen erregea. Zazpi aldiz irabazi du Libertadores Kopa; birritan Kontinente Artekoa; hamalau aldiz Argentinako txapeldun. Azkenengoz, 2002an.
Argentinako futbola Boca-River baino gehiago da: Ñuls-Central; Estudiantes-Gimnasia y Esgrima; Talleres-Instituto; Velez-Lanus… Racing-Independiente. Avellanedako Errepublika biribila.
2011ko ekainaren 26an River Plate B mailara jaitsi zen. Lehen aldiz. Orduan, Boca Juniors eta Independiente bakarrik geratu ziren. Bigarren mailara sekula jaitsi gabeak ziren bi horiek. Gaur arte. Boca Juniors umezurtz geratu baita orain. Umezurtz, ohore handiz.
San Lorenzo Almagroren aurka etxean galduta agur esan zion Lehen mailari Independiente Avellanedak joan zen larunbatean. Argentinako futbolaren zati handi bat erori da beheko mailara. Kudeaketa txarraren ondorioz indarra galtzen joan da Avellanedako Gorria azken urteetan. Jaitsiera ez da denboraldi bakarrean gauzatzen; azken hiru denboraldien batuketa eginda, bataz-bestekoak finkatzen ditu txapelketako azken postuak. Eta hor ez du gutxienekoa bete Independientek. Horregatik, zuzenean jaitsi da B mailara Miguel Angel Brindisiren taldea.
Boca bakarrik geratu da, horrenbestez, Lehen mailako errege; eta Bocako aurrelari ohi batekin erori dira Avellanedakoak. Brindisik makina bat gol sartu zituen Bomboneran elastiko hori-urdinarekin, Diego Armando Maradona hasiberria bizkarrean zuela, pasegile.
Independienteko jokalari historikoak malkotan dira. Baina negar egitekotan, amorruz beharko luke, kudeaketa eskasagatik. Brasilen ondotik, Argentina da munduan jokalari gehien saltzen duen herrialdea. Independienteren azken salmenta potoloa Sergio “Kun” Aguero izan zen. Aguero eta beste hainbat salduta, 60 milioi dolar eskuratu ditu klubak azken boladan, eta futbolean bueltan dauden jokalariak iritsi dira nagusiki Avellanedako Gorrira: Europan onenak emanda, etxerako bidean.

Kun Aguero, Independienten.
Argentinako klubek, oro har, lehiakortasuna galdu dute. Txapelketaren joko maila asko jaitsi da eta jokalari gazteek oso goiz alde egiten dute, Kontinente Zaharrera bereziki. Velez Sarsfield eta Club Atletico Lanus dira, neurri batean, haztegiari helduta bizi diren bi klubak, bokazioz. Eta krisi garaian oreka pittin bat erakusten duten bakanetarikoak dira.
Javier Cantero da Independienteko presidentea. Gizon konprometitua. Taldea behea jota hartu zuen kirol esparruan, eta bere ekarpen nagusia zale istilutsuei aurre egin izana da. Bere bizia arriskuan jarrita. Barra Braven aurkaririk sutsuena bihurtu da, eta harmailak gobernatzen dituzten horiek ez diote barkatu.
Bien bitartean, Independienteren ondareari erreparatuta, ezin talde eta jokalari handi haiek ahaztu. Guztien artean Ricardo Bochini erdilaria nabarmendu behar. Hamarra. Argentinako futbola ezin da ulertu Labruna, Moreno, Pedernera, Di Stefano, Maradona edo Messi gabe. Baina ezta Bochini gabe ere. Bocharen espiritua beti gogoan. Itzuliko dira!

Bochini