Gorabehera askoko ibilbidea

Egilea:

Data: 2015/03/04

INGALATERRAKO FUTBOLAREN HISTORIA

Aston Villaren historian gozoak eta gaziak ia neurri bereko tartea izan dute. Dabi Piedrak kontatu dizkigu gorabehera horiek.

Ez da arraroa kirol taldeek une arrakastatsuak eta eskasak izatea beren historian. Txapeldunaren gozoa eta bigarren mailaren gazia, biak probatutakoak dira makina bat talde. Aston Villa da horietako bat. 1874an sortu zutenez gero, astia izan du Birminghameko taldeak denetariko bizipenak pilatzeko eta, hala, historia benetan gorabeheratsua du. Hirugarren mailan jokatzen egon eta urte gutxira, 1982an, Europako Kopa irabazi zuen Aston Villak eta, hamarkada amaitu baino lehen, bigarren mailan zen berriro.

1930eko hamarkadara arte, Ingalaterrako talderik boteretsuenetako bat zen Aston Villa, eta hurrengo urteetan etorriko ziren gorabeherak inork ezin izan zituen aurrikusi. XX. mendea hasi zenerako, bost Liga irabazita zituzten Birminghamekoek, beste inork baino gehiago, eta Lehen Mailan punta-puntan ibiltzen ziren ia urtero. Sei Kopa eta beste horrenbeste Ligaren jabe zela, ordea, hondamendia iritsi zen. Pronostiko guztien kontra, bigarren mailarako bidea hartu zuen 1936an, defentsa lan eskasak bultzatuta (110 gol sartu zizkioten 42 jardunaldiko txapelketan). Bitxikeria legez, esango dugu Blackburn Rovers eta Aston Villa zirela artean bigarren mailan jokatu gabe gelditzen ziren talde bakarrak, eta urte berean galdu zutela ohore hori, futbol liga sortu eta 48 urtera.

Aston Villa berehala itzuli zen goi mailara, baina aurrerantzean, haren historiak beste norabide bat hartu zuen: talde oso gorabeheratsua bihurtu zen, tituluak eta porrot mingarriak tartekatzen zituena. Beherakada sakonena 60 eta 70eko hamarkadetan izan zuten Birminghamekoek. 1961eko Ligako Kopa irabazita, pozarren ziren zaleek ospakizunerako tarterik ere ez zuten izan ia. Goi mailan jarraitzeko arazo handiak izaten hasi zen taldea, eta urte batzuetan ozta-ozta eutsi eta gero, 1967an bigarren mailara jaitsi zen. Jabe berriek erosi zuten kluba eta, hasiera batean haize berriak iritsi ziren arren, emaitzak erdipurdikoak ziren. Entrenatzaile aldaketa ugari, gero eta zale gutxiago Villa Parkeko harmailetan, eta diru aldetik ere, justu antzean zebilen kluba. Koktel horrekin, hondoa jo zuen Aston Villak 1970ean, hirugarren mailara jaitsita.

1971-1972 denboraldiko Aston Villa. Hirugarren Mailan aritu zen.

Errekuperazioa, hondoratzea bezain azkarra eta indartsua izan zen. Mendeurrenaren denboraldian, 1974-75ean, Lehen Mailara itzuli zen Aston Villa eta Ligako Kopa ere irabazi zuen. Garairik oparoena heltzeko zegoen, ordea. Ron Saunders entrenatzaileak goi mailako taldea osatu zuen, klubaren historiako belaunaldirik onenetako bat: Evans, McNaught, Swain, Bremner, Cowans, White, Shaw eta abar. 1981ean liga irabazi zuten aspaldiko partez eta, hurrengo denboraldian, Ron Saundersek kargua utzi zuen arren, Europako Kopan sendo aritu ziren, finalera iritsi arte. Tony Barton entrenatzaile zela, Rotterdamen jokatu zuen finala Aston Villak, Bayern Munich ahaltsuaren aurka. Peter Whiteren golari esker, Europako beren txapelketa bakarra lortu zuten Birminghamekoek.

Taldearen gorabeherei muzin egin gabe baina, Aston Villari laster etorri zitzaion une gaziak dastatzeko unea. Europako txapeldun izan eta bost urte eskasera, bigarren mailan zen berriro. Nolanahi ere, badirudi azkenengo urteetan egonkortasun pixka bat lortu duela Aston Villak, 1992tik Premier Leagueko partaide baita. 1996ko Ligako Kopa eskuratu zutenetik beste ezer ez dute irabazi, baina behintzat, gorabeherak baretu direla dirudi, oraingoz.