Gora!
L´HOSPITALET 0
EIBAR 1
2. mailara igo da Eibar, estutasunik batere igaro gabe eta partida irabaziz.
- Bueltan da Eibar 2. mailara. Aspaldi ez dela, hemezortzi denboraldi jarraian egon zen mailan da berriz. Aise bota du bidetik azkeneko aurkaria: L´Hospitalet. Ipuruan nagusi, eta gaur ere garaile (0-1).
- Kezka bazen kataluniarrak etxean indartsu azaldu direlako orain arte, bai ligan eta bai kanporaketan. Partida asko irabazita zeuzkan, eta gol asko sartuak. Baina Eibar Eibar da. Eta gaur betiko Eibar sendoa azaldu da zelaian. Gaur, eta denboraldi osoan, baina batez ere, igotzeko kanporaketetan, eta liga bukatu aurreko azken txanpan. Eta Eibar sendo dagoenean denok dakigu zer den. Irabazi egin behar zaio, eta ez dira asko horretarako gai.
- Defentsako kontzeptuetan oinarritu da gaur. Erabat, gainera. Joaneko partidako emaitzak ez zuen besterik eskatzen (3-0). Gainera, L´Hospitalet zalea da baloia oinetan erabiltzen, hori du jokatzeko eredua, eta aurre egiteko ezinbestekoa da defentsako lanak ondo egitea.
- Zaintzak, laguntzak, aurrea hartzeak, baloia moztea, ondo jarrita egotea leku onean, indarra buruz buruko borroketan, presioa behar zenean, lerroak atzeratzea gehienean… horiek denak eta beste gauza asko egin ditu ondo Eibarrek, eta apenas sufritu du. Etxekoen eraso bortitza espero zen, baina harridura eragin badu ere, ez dira Eibar bere arean sartzera atera; ez diote erritmo bizia jarri partidari. Lasai hartu dute, eta hori ere aldeko Eibarrek.
- Atera kontuak: lehen aukera garbia Eibarrek izan du. Guille Roldanen jaurtiketa atezainak urrundu du, eta zutoina jo du baloiak. 20. minutuaren bueltan izan da. Ez da aukera handiko partida izan, eta minutuak aurrera joan ahala, etxekoen su apala berez joan da itzaltzen. Azkenean, gainera, 89. minutuan, Capak gola sartu du Eibarrentzat, eta gaurkoa ere irabazi egin du taldeak. Gora!