Gola beltz

Egilea:

Data: 2013/01/24

AFRIKAKO KOPA

Afrikako Kopan gola garesti dago. Golegile handiak nekez ageri dira. Akaso, gehienak etxean daudelako: Samuel Eto’o buru dela. Didier Drogba da txapelketako ehiztaririk ospetsuena. Area barruan, ordea, bakarrik utzi dute Boli Kostako kapitain handia.

Itsasontziak lo daude Euskal Herriko kostaldean. Negu gorriak kaian lotu ditu. Itsasertzean eseri dira urrundik etorritako arrantzaleak, futbolean ari diren mutikoei begira. Horrekin asetu behar, oraingo honetan ez baitute euren herriko mutilak animatzeko aukerarik izango.

Bilboko alde zaharrean, Pape hurbildu zitzaidan joan zen astean erlojuz eta gerrikoz josita. Futbol zalea. «Demba Ba ez da Afrikako Kopan izango, nolatan?», galdetu nion. «Ezta Papis Demba Cisse ere», haren erantzuna. Galderaren benetako asmoa Senegalen hutsuneaz hitz egitea zen. Beharbada, Afrikako aurrelari sortarik onena duen herrialdearen hutsuneaz kontinenteko txapelketa nagusian. Orduan, Babacarrek behin Tarifan aipatu zidan hartaz gogoratu nintzen: «El-Hadji Diouf da gure aurrelaririk onena». Belaunaldi bakoitzak bere ikurrak ditu.

Senegaleko Pape Diop Frantziari sartutako gola ospatzen, 2002ko Munduko Kopako lehen partidan.

Euren golegile handien balentriak telebista aurrean biltzen zituen Euskal Herrian bizi diren senegaldarrak bi urtean behin, Afrikako Kopa aitzaki. Baina, oraingo honetan, ezin lehoien golak ospatu; gehienez, besteen jokoarekin gozatu behar. Bien bitartean, Demba Bak Chelsearekin sartuko ditu golak; Papiss Demba Cissek Newcastlerekin; Moussa Sow Fenerbahçerekin ahaleginduko da; Dame N’Doye Lokomotiv Moskurekin; Ibahima Toure Monakorekin; Pape Moussa Konate Kuban Krasnodarrekin…

Lorpen handi batek nekez izan du jarraipenik Afrikan. Egitasmoez ari gara. Zer gertatu zen Senegalekin 2002ko Mundialeko balentriaren ondoren? Gainbehera. Frantzia txapelduna mendean hartu zuten estreinako partidan, hexagonoko Ligan ari ziren hogeitabi jokalarirekin, eta hala final laurdenetaraino iritsi ziren. Senegalen aurreneko Mundiala zen hura. Handik aurrera, diru hotsak jokalari haiek nahasi eta sakabanatu zituen: Diouf eta Diao Liverpoolera joan ziren, Fhadiga Interrera, eta horrela selekzio hartako hainbat futbolari. Selekzioa, beharbada, beste begi batzuekin begiratzen hasi ziren.

Joan zen udaberrian Senegalek inoiz eman duen futbolaririk matitatuena zendu zen: Jules Bocande golegile bortitza. Gazte hil zen, 53 urte zituela. Hura izan zen gure begirada harrapatu zuen aurrenetako aurrelari afrikarra. 1980ko hamarkadako kontuak dira horiek. Metzen jokatzen zuen. Eta sekula ez dugu ahaztuko Batzelona Errekopatik kanporatu zuten gau hura. Frantzian blaugranak 2-4 nagusitu ziren. Camp Noun kataluniarrak 1-0 jarri ziren aurretik, baina frantziarrek lau gol erdietsi zituzten ondoren. 1-4. Bocande sendoa tartean zen. Hamalau urtez aritu zen Senegalgo selekzioarekin. Ogibidez golegile, Senegalgo golegile. Aitzindaria.

Metz loriatsua, Bartzelonaren zelaian, kanporaketa ahaztezin hartan. Jules Bocande bertan da.