Goian ezberdina; atzean, betikoa

Egilea:

Data: 2016/06/12

EUROKOPA 2016

Ingalaterra-Errusia (analisia)

  • Selekzioen txapelketa guztietan, begiak zabal-zabalik egoten naiz partidak ikusten, talderen baten jokoaz ‘maitemintzeko’ zain. Hori lortzen duena bihurtzen dut segituan nire ‘faboritoa’ txapelketarako (faboritoa, umetan erabiltzen genuen adieran). Atzo gauean deskubritu nuen talde horietako bat: bai, Ingalaterra. Asko gustatu zitzaidan lehen zatian; bigarrenean ez hainbeste.
  • Oso ezberdina da Ingalaterra hau erasoan. Baloiaren jabe egin, eta baliabide taktikoak eraginkor bihurtuz, beste talde bat ematen du. Hau ez da ingelesen betiko jokoa. Bazebilen horrelako zerbaiten atzetik Roy Hodgson entrenatzaile beteranoa, eta jokalari multzo honekin lortu duela ematen du.
  • Hegaletako atzelariak oso goian; hegaleko aurreratuak barruan; zelai-erdiko jokalarien presentzia area barruan…eta hori dena baloia azkar mugituz, bizi. Erritmoan, selekzio bizkorrena izan da orain arte, eta denboraldiaren garai honetan, oso kontuan hartzeko ezaugarria da. Makina bat aukera sortu zituen, baina ez zuen asmatu, edo Akinfeev errusiarren atezainak ondo urrundu zituen baloiak.
  • Zelai-erditik aurrera izan zen ezberdina Ingalaterra, baina erasoan. Trantsizioetan, defentsako lanera joateko bidean, eta defentsan, ez hain ezberdina. Lerroak atzeratzea asko gustatzen zaio Hodgsoni, eta horretan ez da eraberritu. Agian, buelta batzuk eman beharko lizkioke trantsizioetan egin beharrekoari: hainbeste jokalari hain goian izanda, baloia galdutakoan presioa egitea oso eraginkorra izaten da (eta beharrezkoa, atezainaren aurrean eta erdiko atzelarien bizkarrean zulo asko egoten delako). Atzo, gainera, aukera zeukan horretarako, Errusiako aurrelaria, Dzyuba, handia bai baina ez delako espazioetara joaten puskatzera.
  • Lerroak atzeratzearen nabarmen egin zuen Ingalaterrak aldeko gola sartu eta gero (Dyerrek, 73. minutuan, faltaz, gol bikaina). Vardy atera izan balu Hodgsonek, kontraerasoan hain trebea den jokalaria… Errusiak berdindu egin zion azken jokaldian, Berezutzkik buruz jotako baloiaren bidez (atzelariak baloiari begira, bizkarrean eta beste aldean zer zegoen ikusi gabe).
  • Ez irabaztea anekdota izateko, hemendik aurrera gauza pare bat zaindu beharko ditu Ingalaterrak: horrela jokatzen segi, erasoan; baina zelai-erdian, erdiko atzelarien aurretik jokalari bat beti finko antzean utziz, aurkariaren kontraerasoak ez errazteko (atzo zulo handia egon zen egoera batzuetan erdiko atzelarien aurretik); presioa eginez trantsizioetan, goian baloia galdu eta segituan. Eta aurrean gehiago asmatuz, eraginkorragoak izateko.