Goia jo du Aljeriak

Egilea:

Data: 2014/06/26

MUNDUKO KOPA 2014

ALJERIA  1  /  ERRUSIA  1

  • Historian aurrenekoz, final 1/8etan da Afrikako selekzioa. Alemania izango du aurkari, kutsu historikoa duen lehian.
  • Multzoko beste partidan, Belgikak berretsi egin du lidertza (0-1 Hego Koreari).
  • Ondo kosta zaio, baina azkenean lortu du mugarri historikoa jartzea Aljeriako selekzioak: final 1/8etan da aurrenekoz. Ezustea eman du H multzoan, aldez aurretik begiratuta indartsuagoak ematen zutelako Belgikak eta Errusiak. Baina partida bat irabazita (Hego Korea), beste bat berdinduta (gaur, Errusiaren aurka) eta Belgikaren aurka galduta, aurrera segitzea lortu du.
  • Kosta egin zaio bai, hasi orduko aldapa gora jarri zaiolako partida. Kokorinek 6. minutuan aldea eman dio Errusiari. Kontraerasoan, jakina; nola bestela? Golak kontrako haizea bota dio aurpegira Afrikako selekzioari, hainbat minututan galduta ibili delako. Ezin neurria hartu partidari, ezin aurkariari… eta ezintasuna nagusi.
  • Buelta eman dionerako igaro dira minutu batzuk. Errusia zain zeukan, kontraerasoan ateratzeko. Baloiarekin deseroso samar ibili da Aljeria, area ingurura heldu bitartean. Esparru horretan ibili den bakoitzean, Brahimi, Slimani, Djabou eta Feghouli (hau zelai erditik askatasunez mugituz nahi duen lekura) arriskua hartuta gerturatu dira Errusiaren areara. Pase motzak eta azkarrak leku txikian lotu dituztenean, arriskua eragin dute. Baina ez garbi-garbia ere.
  • Aljeriaren indarra geldikako jokaldietan dago neurri handi batean. Slimani errematatzaile ona da, eta berari atera dizkiote geldikako jokaldi ia denak. 60. minutuan jaso du saria. Akinfeev atezainaren hutsa baliatuz, burua sartu dio baloiari, eta gola.
  • Hortik aurrerakoak bi aurpegi izan ditu: batetik, Aljeriaren sua eta lehia sailkapenari eusteko. Atzean sartu dira, eta jokaldi bakoitzean barruan duten dena eman dute atea giltzaz ixteko. Beste aurpegia Errusiarena izan da, ezintasunarena. Baloia eduki bai, baina jokorik ezin sortu. Gehienera ere, hegaletara baloia eraman eta erdiratu. Gehiago ez. Eta horrekin bakarrik zaila da multzoen fasea gainditzea.
  • Orain, final 1/8etan, Alemania-Aljeria, eta gatza eta piperra partida horren bueltan. 1982ko Munduko Kopan, Aljeriak irabazi egin zion Mendebaldeko Alemaniari lehen fasean, baina gero afrikarrak kanpoan geratu ziren, Alemaniak eta Austriak berdinketa ‘hitzartu’ omen zutelako bien arteko partidan. 32 urte geroago, hemen da berriz ere partida bera. Kutsu historikoarekin.