“Getafe ez. Bukarest!”

Egilea:

Data: 2012/05/05

Athleticek Ligako azken-aurreko partida jokatuko du gaur San Mamesen (21:00), burua Europako Ligako finalean duela.

Athletic osoa errepide bazterrean dago zain, ibilgailuren bat noiz geratuko. Halako batean, egin du geldialdia batek, eta gidariak galdetu die: “Getafe?”. Eta egundoko zarata sartu zaio segituan belarrietatik, erantzun itxurarekin: “Getafe ez. Bukarest!”.

Asmatutako kontakizun horrek irudikatzen du Athletic osoaren egoera. Gaur gauean, Ligako azken-aurreko partida San Mamesen (21:00). Getafe aurkari. Eta zer? Jokatuko ez balitz ere… Asteazken gauean, Errumaniako hiriburuan, Europako Ligako finala, Atletico Madrilen aurka. Oraintxe balitz asteazkena… Hura jokatzeko irrikaz.

Aldarte horretan zelairatuko dira Marcelo Bielsak aukeratuko dituen jokalariak. Ezer jokoan ez dutela. Eta gatzik gabeko ogia bizitasunik gabeko eternitatera kondenatzeko, Getafek ere ez du ezer jokoan. Erakargarritasuna auzoan dauka partidak.

Baina nonbaitetik piztu behar, eta galdera honekin, akaso: zein jokalarik jokatuko dute Athleticen? Finalean ariko diren batzuei jai eman ala ez. Horra zalantza. Baiezkoa izateko erantzuna, hauek arrazoiak: inork minik ez hartzeko ziurtasuna. Ezezko hautuaren aldeko motiboak: lehiaketako erritmoa ez galtzeko asmoa. Eta beldurrik beldurgarriena ezin da ahaztu: tentsiorik gabe aritzen direnean jokalariak, handitu egiten da min hartzeko arriskua. Eskerrak Bielsak egun osoa futbolean pentsatzen pasatzen duen. Berea da hitza eta erabakia.