Geroa orain dator
ANALISIA
Reala eta Osasuna ere bizi dira. Athleticen astea izan den honetan, isilean ari dira lanean, Ligako azken partida prestatzen. Hori entrenamenduetan. Bulegoetan, datorren denboraldiko kontuak mamitzen dabiltza.
Futbolean ezin da lo hartu. Egunero egon behar da bizirik. Esna eta adi. Orainak balio du, gaurkoak, eta zoritxarrez, hausnarrerako tarte handirik ez da egoten. Baina kluben baitan, egon beharra dago lasai aztertzeko tartea. Etenik gabea izan behar du azterketak. Aztertu egin behar da gero erabakiak hartzeko.
Erabaki horiek hainbat alorretakoak dira. Horietako bat da hurrengo denboraldia zehaztearena. Geroa zena duela hilabete batzuk, oraina bihurtuko da laster batean. Datorren larunbatetik eta igandetik aurrera, esaterako. Jendearen begietara, orduan hasiko dira klubak datorren sasoiari begira, baina gauzak ondo egin badira, aurretik hasita egon behar du lan horrek.
Zeregin horretan dabiltza Reala eta Osasuna. Burua geroan dutela. Erabakiak hartzen gerokoak. Taldearen osaketak indar handia hartzen du zeregin horietan. Orain da garaia lehen taxutuz joan diren erabakiak gauzatzekoa. Denboraldian zehar, taldeko jokalarien lana zehatz aztertuko zuten, eta hutsuneak aztertu. Falta diren jokalari horiek ikusten ere lana egingo zuten, mundu osoko Ligetan arakatuz. Dagoeneko, helburuek begiz jota eta aukeratuta behar dute. Eta orain, lotzea falta da, lotuta ez badaude.
Azter dezagun, bi taldeen inguruan zer konturen jiran dabiltzan, betiere argitaratu dena kontuan hartuz.
REALA
- Taldearen osaketaren aurretik, entrenatzailearen kontua dago. Segituko al du Philippe Montanierrek? Kontratuan baietz dio, beste denboraldi bat geratzen zaiola. Baina paper horretatik kanpoko errealitatea zalantzaz gainezka dago. Klubak ez du ezer esan, eta esan duenean, entrenatzailearen lana erabat-erabat ez du babestu. Hori gutxi ez, eta itxuraz, Montanierrek eskaintza du Frantziakoa. Berak adierazi zuen joan den astean “Realean jarraitzea ez dela kontratuaren araberakoa. Mahai gainean eseri, eta erabaki egin behar dugu”. Batek daki zer gertatuko den.
- Jokalarien artean, Carlos Velaren kontua da ardatza. Utzita dago, lan ona egin du, Realak fitxatu nahi du, berak ez du Arsenalera itzuli nahi, diruz Realarenak baino eskaintza hobeak omen dauzka… Atzo, badaezpada ere, “agur” esan zuen.
- Atzerritarren segituz, Vadim Demidov ere geratzeko baino joateko gehiago omen dago. Beste denboraldi baterako du kontratua, baina asteon, ez du ziurtatu beteko duen edo ez.
- Diego Ifranen kasua berezia da. Oso gutxi jokatu du, eta hitz egin, jokatu baino gehiago egin du. Kontratua du, eta entrenatzailearen kontuarekin egon liteke lotuta bere geroa: Montanier geratzen bada, badoa; berria badator, geratu egingo da.
- Zurrumurruak hasi dira, eta kanpoko balizko eskaintzen jomugan omen daude Griezmann, Iñigo Martinez, Pardo eta Bravo. Balizko fitxaketen artean, izenen dantza erritmo makalean ari da oraingoz.
- Eta etxekoen artean, Mikel Aranbururen iragarritako agurra dago.
OSASUNA
- Jose Luis Mendilibar entrenatzailea lotu eta gero, jokalariengan daude begiak jarrita. Balizko fitxaketen inguruan, bi izen atera dira: Nano (Numantzia) eta Sisi (Valladolid). Lotu samar omen dauzka klubak. Nano ezker hegaleko atzelaria da orain, baina lehen gorago jokatzen zuen. Sisik eskuin hegalean jokatzen du, zelai-erdian; ezaguna du Mendilibarrek, Valladoliden entrenatu baitzuen.
- Balizko fitxaketen alboan egongo dira harrobiko jokalariak. Manu, Loe, Torres…
- Raul Garcia itzuliko al da bigarrenez?
- Taldea utziko dutenen artean, Jukka Raitala egongo da. Utzita dauka Hoffenheimek, eta denboraldi baterako utzi zionez Osasunari, bere taldera itzuliko da, gorritxoek jokalaria erosteko aukera baitute. Ez du ematen aukera hori gauzatuko dutenik.
- Ricardo. Atezain titularra izatetik hirugarrena izatera igaro da. Futbola uztekotan dela zabaldu da.
- Taldeko beste batzuen jarraipena ere zalantzan dago. Ruben, esaterako. Bi denboraldirako fitxatu zuen aurreko udan, eta beste batez luzatzeko aukera ere badago. Baina gutxi jokatu du, eta ez du ematen Mendilibarren gustukoa denik.
- Javi Callejaren kasua antzekoa da, baina argiagoa. Ia batere ez du jokatu, eta taldea uzteko hautagaietako bat da.
- Masudekin zer gertatuko da? Sasoi osoa darama lesionatuta, eta hala izanik…
- Sergio beteranoak zer egingo duen ere ezin da jakin.