Gaztearen baga, biga, higa…

Egilea:

Data: 2012/06/26

Arsenalek irabazi du Argentinako Clausura torneoa, bere historia laburreko aurrenekoa.

Gaztea naiz eta harro nago. Herenegunaz gero, abestu dezakete hori Sarandiko Arsenal taldeko kideek. Argentinako Lehen Mailako klubik berriena da. 55 urte baino ez dauzka, eta 2003an igo zen maila gorenera aurrenekoz. Ordutik dabil elitean, eta astia eman dio Clausura torneoa aurrenekoz irabazteko.

Igandean lortu zuen balentria Gustavo Alfaroren taldeak. Tigre apala menderatu du azken unean. Alde horretatik, berezia izan da txapelketa, txikiek gaina hartu dietelako  handiei. Txikiak goian eta handiren bat larri (San Lorenzo Almagro historikoak ez jaisteko  promozioa jokatuko du).

Txikia eta gaztea da Arsenal. Baina txikian eta gaztetasunean ere badu harro egoteko motiborik: Lehen Mailatik inoiz jaitsi ez den hiru taldeetako bat da, Boca Juniors eta Independiente Avellanedarekin batera.

Beste edozein herrialdetan, halako klubek zale askoren miresmena lortzen dute, baina Arsenal ez da hain maitatua. Grondona abizena dago tartean. Argentinako Federazioko buru Julio Grondonaren izen bereko semea da presidentea, eta polemika eragiten du horrek herrialdean. Harreman horretan kontu ilunik ikusten duenik ere bada.

Grondonatarrek sortua da kluba, eta izena hemendik datorkio: Viaducto esaten diote zelaiari, eta orain futbolerako lekua den bezala, garai batean arma biltegia zen. Horregatik da Arsenal.

1957an sortu zen taldeen zaleen artean, jokalari maitatuena Jorge Burruchaga da. Historikoa Argentinan. 1979an ekin zion futbolari bideari Arsenalen, eta gero, entrenatzaile ere izan zen, bi txandetan: 2002tik 2005era, eta 2009tik 2010era.

Egungo taldean, Espainiako Ligan aritu zen Juan Pablo Caffa dago (Betisen jokatu zuen). Titulua irabazteko oinarrien artean dago aldeko golen datua: 30 sartu ditu; txapelketako gehiena, Bocarekin batera. Jaso, ez ditu asko jaso: 15.

Clausura hau ez du lehen titulua. Izan ere, beste bi dauzka, biak nazioartean lortuak: 2007ko Copa Sudamericana, eta 2008ko Suruga Banka Kopa (Sudamericanako garaileak eta Japoniako Kopako garaileak jokatu zuten, eta edizio bakarra izan du).

Orain, Libertadores Kopa jokatzeko aukera izango du Arsenalek. Clausuran arma, tiro, pun egin duen bezala, Amerikako kluben arteko txapelketa handienean ere armatuta azalduko da, irabazteko asmoz.

Bideo honetan, Arsenalek Clausura honetan egindako balentria handienetako bat ikus daiteke: Bocari irabazi zion Bomboneran (0-3). Kontatzailea Victor Hugo Morales da, Maradonaren gol mitiko hura kontatu eta kantatu zuena (Ingalaterrari sartua 1986ko Munduko Kopan).