Gaurko partidak: Grezia-Txekiar Errepublika, eta Polonia-Errusia
EUROKOPA 2012
Multzoen faseko bigarren jardunaldiari emango zaio hasiera. A multzoak ekingo dio.
Joan da lehen jardunaldia, eta hemen da bigarrena. A multzoak ekingo dio gaur lanari. Hauek dira bi partidak:
- Grezia-Txekiar Errepublika (18:00, Wroclaw, Cuatro)
- Polonia-Errusia (20:45, Varsovia, Tele 5)
Grezia-Txekiar Errepublika
- Bigarren jardunaldia ez de lehenengoa. Orduan, puntu alerik gabe hasi ziren talde guztiak. Orain ez. Eta hasierako galtzaileei irabaztea tokatzen zaie. Horixe da Txekiaren kasua. Lehen jardunaldian, ez zen atzean ezkutatu zen talde askotariko bat izan, eta ez dauka ezer erakutsi beharrik. Orduan lotsagabe aritu bazen, gaur, derrigortuta dagoelako, berdin aterako da.
- Nahia eta gaitasuna bat etortzea da kontua. Oso mugatua dela erakutsi zuen Errusiaren aurka. Baliabide zenbait badu, baina gutxitxo izan zen aurrekoan. Aurkaria ere Errusia izan zuen, multzoko nagusia, eta horrek ere eragina izan zuen. Gaur, Grezia dauka parean. Ez da gauza bera.
- Greziak puntua dauka. Beste batekin ere konforme legoke gaur, sailkatu edo ez azken egunerako utziz. Irabaztea, ordea, altxorra litzateke.
- Poloniaren aurka, greziarrek bi molde azaldu zituzten: lehen zatian, oso eskasa, eta bigarrenean, itxurosoa. Eskasetik jotzen badu gaur, Txekiak sustoa emango dio. Itxurosotik joaten bada, hiru puntuak batzeko aukerak edukuko ditu.
- Ikusirik Txekiak behar gorriagoa duela, ez harritu Greziak kontraerasoari ematea lehentasuna. Baina horretarako, Poloniaren aurka lehen zatian baino hobeto egin beharko ditu defentsako lanak; besteak beste, atzealdean baloiak ondo urrundu, eta hegalak itxi.
- Lehen partida ikusita, Grezia jotzen da irabazletzat, baina partida bat horixe da, partida bakarra. Selekzioek eman zuten itxura ezin da aintzat hartu ondorio nagusiak eta zehatzak ateratzeko. Horregatik, Txekiari ere eman behar zaizkio aukerak.
Polonia-Errusia
- Futbolaz haratago doan lehia. Arerio politikoak. Eta Errusiaren egun nazionala da gaur. Elkarrekin joango dira errusiar zaleak zelaira, martxa batean. Poloniak etxean jokatzen du, zaleak alde, baina Errusiak ere izango ditu bereak. Futbolaz kanpo, badute zerekin motibatu eta bizitu bi taldeek.
- Futbolaren baitan, Poloniarentzat garrantzi itzeleko lehia. Lehen jardunaldiko puntu aleari beste batzuk gehitu beharrean da, eta arratsaldeko partidako emaitzak are gehiago behartu lezake irabaztera.
- Erasoan ondo moldatu zen lehen partidako aurreneko hamabost-hogei minutuetan. Hegaletatik erraz aritu zen, eta area barruan Lewandowski golegilea izanik, arrisku handia sortu zuen. Obraniak ere asko azaldu zen, nahierara azalduz nonahi. Gero, ordea, eskas aritu zen taldea. Atzean sartu zen, baina ez zuen ondo defendatu. Eta erasoan, apenas egin zuen ezer. Hori dena Greziaren aurka. Gaur, Errusia indartsua dauka parean. Arrisku bikoitza.
- Errusiak berea egiten badu, hiru puntuekin geratu beharko luke. Berea egitea da joan zen ostiralekoa errepikatzea. Erasoan makina bat baliabide du: hegalak, barruko jokoa, gola, kontraeraso zitala…
- Idatzitakoaren ondorio nagusia: Poloniak ondo geratu beharko du lehendabizi Errusia, eta horretan oinarritu beste guztia. Hori da partida askatzen hasteko aurreneko giltza.