Gaurko partidak: Espainia-Italia, eta Irlanda-Kroazia
EUROKOPA 2012
C multzoko neurketak dira.
Hirugarren eguna du Poloniako eta Ukrainako Eurokopak, eta gaur, C multzokoak hasiko dira lanean. Hauek dira bi partidak:
- Espainia-Italia (18:00, Gdansk, Tele 5)
- Irlanda-Kroazia (20:45, Poznan, Cuatro)
Espainia-Italia
- Txapelduna eta txapeldun izan nahi duena parez pare. Ez da edozein partida. Aurrez aurre bai, baina gaur egun maila berean ez daude biak. Espainia gehiago da. Italiak Espainiaren parera heltzeko bideari ekin dio, jokatzeko eredua erabat eraberrituz.
- Jokatzeko ereduak. Espainiak nola jokatuko duen argi dago. Italiak zer egingo duen, ez. Izan ere, aurkari indartsuenaren jokoari nola aurre egin? Cesare Prandelli selekzioko entrenatzaile denetik, baloiaren jabetzak lehen ez zeukan garrantzia hartu du. Horretan oinarritzen da. Horrela jokatuz gero, Espainiari buruz buru jokatzea litzateke. Gehiegi arriskatzea, akaso. Horregatik daude zalantzak italiarren ereduarekin: ez al du lehengo errezeta zaharretik botika pixka bat hartuko, atzeko lana indartuz?
- Ziurrenik, bere eredua eta lehengoa uztartuko ditu Italiak. Bietan asmatzen badu, lanak emango dizkio Espainiari. Baina ez du erraza izango bi gauzak ondo egitea.
- Espainiak arriskuak hartuko dituela jakina da, eta erne ibili beharko du erasotik defentsara igarotzeko lanean. Oreka beharko du erasoan, gero defentsan zulo handiak ez uzteko (berdin Italiak). Hori lortzeko, ezinbestekoa izango da Busquets eta Xabi Alonsoren lana. Eta erdiok bi atzelariek ere oso erne jardun beharko dute.
- Partida erabakitzeko zutabea erasotik defentsara igarotzeko lanean egon daiteke. Lan hori ondo egin beharko dute biek, oso ondo moldatzen direlako erasoan bi taldeak, baliabide askorekin: joko ez zuzena, kontraerasoa…
- Bi atezain handi: Casillas eta Buffon. Lana izango dute biek. Beraien lana oso garrantzitsua izango da.
- Bukatzeko, espainiarren inguruan dabilen zalantza: Villa ez dagoela, gai ote dira besteak haren eraginkortasuna berdintzeko?

Irlanda-Kroazia
- Zuria eta beltza. Ura eta ardoa. Defentsako lan zorrotza da Irlanda, eta erasoan du indarra Kroaziak.
- Jolas horretan, aurreikuspen batzuk: Irlanda gai da Kroaziaren erasoa geratzeko. Kroaziak ere gai behar luke Irlandaren erasoa mozteko. Berdintasuna, hortaz. Haustekotan, beste arlo batzuetan egongo da haustura. Kroaziarren talentuan, akaso?
- Kontraerasoak. Irlandak defentsako lan hobea egingo duenez, aukerak izango ditu baliatzeko eraso azkar horiek. Kroaziak geratu egin beharko du hori. Kroaziarrek baliabide bera erabiltzea zailagoa izango da, Irlandak defentsako zirrikitu denak ondo izxten dituelako.
- Geldikako jokaldiak. Lehia berdindua bada, halako jokaldietan hartzen dute noranzko bat edo bestea partidek.
- Lehia psikologikoa. Irlanda sendoa da. Kroazia ikusteko dago. Bere onetik atera dezake Irlandak Kroazia. Pazientzia beharko dute Slaven Bilicen jokalariek Giovanni Trapattonirenek jarriko dieten armiarma sarea zulatzeko. Burua galtzen hasten badira, aukera gehiago irlandarrentzat.
