Gaurko bi partidak: Portugal-Herbehereak, eta Danimarka-Alemania
EUROKOPA 2012
B multzoan zein bi selekzio sailkatuko diren zehaztuko da gaur. Denek dituzte aukerak.
B multzoaren txanda da gaur Eurokopan. Azkeneko jardunaldia daukate jokoan, eta laurek dituzte sailkatzeko aukerak. Hauek dira bi partidak:
- Portugal-Herbehereak (20:45, Kharkiv, Tele 5)
- Danimarka-Alemania (20:45, Lviv, Cuatro)
Portugal-Herbehereak
- Portugal sailkatu egingo da iabazten badu edo berdintzen badu, baina Alemaniak ez galtzea behar du. Alemaniarrek galtzen badute, irabazi egin behar du, eta zenbakiei begiratu.
- Herbehereek irabazi egin behar dute, eta horretaz gain, Alemaniak ere garaipena erdietsi. Gainera, berak edo Alemaniak (irabazle bada), gol bat baino gehiagoz irabazi beharko luke.
- Horiek dira datuak. Zehatzak eta hotza. Ziurtasunak. Zelaian gertatuko dena, aldiz, galderaren ikurrez gainezka dago. Ez dute onetik asko azaldu bi selekzioek orain arte. Gaur beharko dute onena atera. Eta zein da bietan hobea? Itxuraz, Herbehereak, baina itxuraz bakarrik.
- Irabazteko beharra nola kudeatuko duten ikusi beharko da. Jokatzeko ereduan eragingo dien edo ez. Horretara jokatuz gero, Robben eta lagunak fidagarriagoak izan daitezke. Baina Portugalek jokalari onak dauzka aurrealdean, eta Cristianok ez ditu berriz ere Danimarkaren aurkako aukerak huts egingo.
Danimarka-Alemania
- Danimarka sailkatu egingo da irabazten badu, eta Portugalek ez badu irabazten. Berdintzen badu eta Portugalek galdu, orduan ere aurrera egingo luke.
- Alemaniak lehian segituko du irabazten edo berdintzen badu. Baita galdu eta Portugalek ez badu irabazten. Hala ez bada, sartutako golen mende egongo litzateke.
- Datuak datu, zelaian alemaniarrak hobeak dira. Hala dio ikuspuntu logikoak, baina atzo gauekoa ikusita errusiarrekin…
- Alemania hobea da Errusiaren aldean, baina Danimarka ere Greziaren gainetik dago. Daniarrek gauza on asko erakutsi dituzte txapelketan, eta denen beharra izango du gaur ere. Ahalik eta huts gutxien egitea ere beharrezkoa izango du.
- Beste partidako emaitzak baldintzatuko ote du alemaniarren jarrera? Ikusi egin behar.