Gaurko bi partidak: Herbehereak-Danimarka, eta Alemania-Portugal
EUROKOPA 2012
B multzoko lehen jardunaldia jokatuko dute.
B multzoa hasiko da gaur lehian, eta hauek dira bi partidak:
- Herbehereak-Danimarka (18:00, Kharkiv, Cuatro)
- Alemania-Portugal (20:45, Lviv, Tele 5)
Herbehereak-Danimarka
- Jokatzeko eredu berak edo antzekoak biltzen ditu bi taldeak. Baloiaren jiran antolatuta jokatzen dute. Baina baloia bakarra da. Ezin dute biek batera eduki. Zeinek goxatuko du tresna biribila?
- Goxatu eta irabazi? Ez ezinbestean. Beste faktore batzuk ere kontuan hartzekoak izango dira. Eraginkortasuna, esaterako. Golak sartzeko aukerak baliatzea. Eta horretan, zitalagoa da askoz Herbehereak: Van Persie, Huntelaar, Robben…
- Baloiaren jolasaren segituz, demagun Danimarkak denbora luzez edukiko duela. Irabaztearen aurreko premisa ote? Ez. Herbehereak abila da kontraerasoan, eta baloia gutxiago edukiz, txikitu egin dezake gaurko aurkaria.
- Baliabide gehiago dituzte Herbehereek. Hobeak dira. Danimarkak baino gauza gutxiago ondo eginda irabaz dezake neurketa. Danimarkak ez. Ia dena osatu beharko du perfekzioaren mugan. Horregatik da faboritoa, eta argia, laranja koloreko taldea.
- Danimarkak defentsako lan ona egin beharko du ezeren gainetik; edo beste era batera, esanda, Herbehereak indarrik gabe utzi. Horretarako bideak, bat baino gehiago: baloiaren jabetza eraginkorra; erasoko jokaldiak amaitu; baloia erasoan galtzen duenean, defentsara joateko lan azkarra bezain zehatza egin, izan presioa edo izan lerroak atzeratzea; bigarren aukera horren alde egiten badu, lerroak elkartu luzean eta zabalean, elkarri laguntzak eman, eta denaren gainetik, lanerako borondatea eta indarra izan.
- Ematen du gol dezenteko neurketa izango dela. Irekia lotua baino gehiago. Ikuskizunari deia, azaltzeko. Asko esatea izango da hau, baina aldez aurretik begiratuta, lehen faseko partida erakargarrienetakoa da hau. Gero, betikoa, entrenatzaile batek esaten duen bezala: “Artisten ordua da orain”.
Alemania-Portugal
- Mozorroak kendu eta aurpegia jendearen aurrean erakusteko ordua. Faborito handienetakoak azaldu behar luke Alemaniaren maskararen atzean. Izana baino izena gehiago duen taldearena Portugalen maskararen azpian.
- Zarata handiegia dago partidaren atarian. Zalantza gehiegi. Gai al da ba Portugal Alemaniari gaina hartzeko? Ikusi egin beharko da, baina ez du ematen.
- Alemania berritua da hau. Alemania bateratua: betiko indarrari baloiaren erabilera ona gehitu dio. Bateratze zitala aurkarientzat. Eta beste baliabide batzuk ere ondo menderatzen ditu: kontraerasoa eta geldikako jokaldiak erasoan, esaterako. Zerbaitegatik dago kiniela guztietan.
- Portugalek alemaniarren trena geratu egin beharko du lehendabizi. Hortik aurrera eraiki gainerakoa. Jokalari egokiak behar horretarako. Zerrendatzen hasiz gero, ezezkoa garaile nabarmen: Cristianok defentsako lana egin? Ez. Moutinhok atzekoei lagundu? Ez. Nanik bere burua nekatu taldekideen mesedetan? Ez. Hiru gutxiago lanerako. Asko kentzea da. Beste jokalari batzuk zelairatu ezean…