Gaurko bi partidak: Grezia-Errusia, eta Txekia-Polonia

Egilea:

Data: 2012/06/16

EUROKOPA 2012

A multzoak emango dio hasiera multzoen faseko azken jardunaldiari.

Azken txanpan sartu da multzoen fasea Eurokopan. Gaur emango zaio hasiera azkeneko jardunaldiari, A multzoko bi partida hauekin:

  • Grezia-Errusia (20:45, Varsovia, Cuatro)
  • Txekia-Polonia (20:45, Wroclaw, Tele 5)

Grezia-Errusia

  • Errusiak sailkatzea lotu behar du oraindik, lau puntu izan arren. Eta Greziak, bakarra edukita ere, aukerak dauzka aurrera segitzeko, txikiak badira ere.
  • Jokalari dezente daude Grezian jokatu ezinda. Bestela ere ahula den taldea eskasian geratu da. Denak ondo egon baziren ere, Errusiak eutsiko zion faborito izaerari. Greziak irabaztea sekulako ezustea litzateke.
  • Greziaren itxaropen bakarra da defentsako lan ona egitea, sendoa. Alegia, orain arte egin ez duena. Hortik hasi beharko luke etxea eraikitzen. Lan zailak. Horretarako gaitasunik azaldu ez duelako, batetik, eta Errusia geratzea zaila delako, bestetik.
  • Errusiak du bere mende partidako emaitza. Astakeria handiren bat egiten ez badu, hiru puntuak bere egingo ditu. Baliabide asko dauzka erasoan. Zelaia zabaltzea nahikoa izango du gaur Grezia lan txarretan jartzeko. Izan ere, greziarrek oso gaizki egin dute defentsako lana esparru horretan orain arte. Gainera, Arxavin barrutik aritzen dela, behartu egingo ditu aurkariak barruan ixtera, hegaletan zuloak utziz.
  • Errusiarrak asko mugitzen dira erasoan, jokalariak lekuz aldatuz etengabe. Ez du ematen Grezia gai izango denik beste baliabide hori ere geratzeko.
  • Dzagoev. Hiru gol sartu ditu, eta gaur ere aukera ona dauka zakua gizentzeko.

Txekia-Polonia

  • Beste derbi bat. Eta gainera, final-laurdenetara sailkatzeko aukerak jokoan dituztela. Txekiak gehiago ditu, Poloniak baino puntu bat gehiago duelako: hiru eta bi, hurrenez hurren. Irabazten duenak badaki sailkatu egingo dela. Berdinketak kanpoan utziko Polonia.
  • Irabazi beharra. Hori izan daiteke ondo kudeatu beharreko aldagaia. Poloniak erakutsi du aurreko bi partidetan ondo moldatzen dela bizi jokatzen, eroso dagoela. Berari ere min egiten diote, baina berak aurkariei min emateko beste modurik ez du.
  • Bizi atera, eta aurretik jartzen bada, besteetan baino hobeto kudeatu beharko du balizko egoera hori. Greziaren aurka, behintzat, oso lan eskasa egin zuen atzean sartuta.
  • Txekiak, berez, patxada gehiagorekin behar luke atera. Baina talde erasokorra da baita ere, eta hobeto moldatzen da goranzko bidean, zelaia zabaldu, eta hegaletako atzelariek gora eginez.
  • Elkar geratzean egongo da borroka. Batek aurrera, besteak eutsi. Besteak aurrera, batek eutsi. Tenkatze horretan ahultzen dena, galtzaile.