Gaurko bi partidak: Danimarka-Portugal, eta Herbehereak-Alemania
EUROKOPA 2012
B multzoko bigarren jardunaldia izango dute jokoan.
Poloniako eta Ukrainako Eurokopan, beste bi partida jokatuko dituzte gaur. B multzoko taldeak ariko dira. Hauek dira partidak:
- Danimarka-Portugal (18:00, Kharkiv, Cuatro)
- Herbehereak-Alemania (20:45, Lviv, Tele 5)
Danimarka-Portugal
- Danimarkak ezuste latza eman zuen lehen egunean, Herbehereei irabaziz (1-0). Portugalek ez zuen gauza bera egin ahal izan Alemaniaren aurka (1-0). Batek hiru puntu dauzka, eta besteak alerik ez. Daniarrek huts egiteko tartea dute, nolabait esateko, baina portugaldarrek, ez.
- Hala izanik, Paulo Bentoren taldeak kontraerasoa baino zerbait gehiago aurkitu beharko du gaur. Atzera samar sartu eta azkar ateratzea aukera izango da, baina ez luke horretara bakarrik atera behar.
- Danimarkak badaki arrisku handiak hartzen baditu Portugalek min egin diezaiokeela kontraerasoan, eta tentuz ibiliko da erasoan, nahiz eta arriskuak hartu zalea izan. Herbehereen aurka oso ondo egindako hau errepikatu beharko du: baloia ziurtasunez erabili, oparirik egin gabe. Herbehereek ez zuten asko estutu jokoa hasten den lekuan, eta horrek ere mesede egin zien daniarrei. Ikusi egin beharko da Portugalek zer egiten duen: sormen lekura presioa egitera igo, ala atzerago sartu.
- Izaera kontua ere izango da. Portugaleko jokalariak beroak dira, intentsitatez aritzen dira. Daniarrak bestelakoak dira. Portugalen beroa su bilakatuko da, gainera, dena baitu jokoan, Ezinbestekoa daniarrentzat intentsitate goren horretara gerturatzea.
- Danimarkaren partida perfektua, ziurrenik Morten Olsenen buruan eta arbelean dagoena: baloiaren jabe eginez, zelaia zabaldu gora iristeko, eta Portugal lan egitera behartu; bueno, zehatz esateko, Cristiano eta gainerako izarrak lanerako jartzea, atzerago joka dezaten, eta kontraerasorako aukera urrunduz.
Herbehereak-Alemania
- Multzoko bi oilarrak, berez. Baina lehen egunean lumatuta atera zen Herbehereak. Ez du punturik. Alemaniak, hiru. Aurkari zuzenetako bat, faboritoetako bat kalean uzteko aukera dute alemaniarrek. Irabazten badute, eta beste partidan Portugalek irabazten ez badu, Robben eta konpainia kalera.
- Azaldu da Johan Cruyff, eta epelak bota ditu lehen partidako jokoaren jiran. Arrazoi du, eskas aritu baitzen taldea jokoa sortzen. De Jong eta Van Bommel ez dira horretarako egokiak, baina galdera hau da: eraman al du Van Marjwik entrenatzaileak jokalari egokirik lan hori egiteko?
- Cruyffen bideari segituz, erasoan gehiago jokatzeko eta, arriskua aurrean: Alemaniaren kontraerasoa. Batek daki zer egingo duen laranja koloreko taldeak, baina ez du ematen partidaren bila zoroen pare aterako denik, arrisku handiegiak hartuz. Hori bai, Alemania geratu beharko du, eta ez da lan samurra hori. Ondo defenditu beharko duela, alegia. Beraiek jakingo dute nola egin.
- Teorian, Alemaniarentzat ez da txarra izango puntua. Baina Lowren Alemania ez da horrelakoa. Agintzea gustatzen zaio. Irabaztera jokatzea. Hala ere, tentuz ibili beharko du, aurrean ez baitu edozein talde.
- Ikusmina handia da. Normala. Partidak handia behar luke, baina auskalo… Gehiegizko errespetua lagun txarra izaten baita ikuskizunarentzat. Aurreko partidako emaitzak baldintzatuko du Herbehereen estrategia. Ez da ahaztu behar, zuhurra izaten ere badakiela, Cruyff ados ez egon arren.