Gaurko aurkariaren ispilua
OSASUNA-BETIS (gaur, 19:45)
Etxean bigarren garaipena segidan lortu beharrean da taldea. Betis antzeko egoeran egon zen aurreko sasoian.
Futbolean errepikatu egiten dira egoerak. Talde berean zenbaitetan, eta hainbat taldetan askotan. Osasunak egun pairatzen duena Betisek sufritu zuen aurreko denboraldian, eta gaur, biak izango dira aurkari Sadar zaharrean (19:45).
2011ko abenduaren 4an izan zen azkenekoz Betis Iruñean. Larri zebilen, 27 puntutatik lau bakarrik aterata. Pepe Mel entrenatzailearen buruaren inguruan punta zorrotzeko aiztoa zegoen, azkeneko kolpea noiz emango. Osasunak irabazi zuen azken-azken unean, Nekunamek sartutako golarekin (2-1). Mel ez zuen bidali zuzendaritzak, eta hurrengo hiru partidak irabazi egin zituen taldeak.
Osasuna larri dabil, Betis hura bezalaxe. 21 puntu izan ditu jokoan orain arte, eta lau baino ez ditu atera. Mendilibarren inguruan ez dago Melen jiran zebilen aiztoa, eta hori alde handia da bien egoera erkatzerakoan. Baina bi taldeen joerak antzekoak dira. Betisen ispiluan ikusten da Osasunak ere irabaz ditzakeela hiru partida segidan. Gaurkoak behar du izan aurrenekoa. Puñalek esan bezala, “idatzita dago irabazi egingo dugula”.