Gaur behar du izan

Egilea:

Data: 2012/12/22

ATHLETIC-ZARAGOZA (gaur, 22:00)

Hirugarren garaipena segidan lortzeko aukera dauka Athleticek.

Athleticen partidak ikusten dituztenen artean (bertatik bertara edo telebistan), bada aparteko nahi bat; hauxe: taldea ikusgarri jokatzen ikusi nahi dute. Hain zaila zaie joan zen denboraldikoa ahaztea…

Orain arte, oso noizean behin bakarrik erakutsi du taldeak horrelako bisajea. Eta inoiz ez partida osoan, partidaren bateko une txiki batzuetan baino ez. Gaur izango al da eguna?

Bielsak esana joan zen asteburuan, gutxi gorabehera: “Banekien ondo ez aritzeko arriskua zegoela, baina ari gara lanean”. Bide onera itzuliko direla esan nahi zuen. Zaragozari egokituko al zaio pare-parean Athletic desiragarri hori?

Jokatzen hasi arte ezin da erantzunik eman bi galdera horiei, baina gaur izan daitekeenaren ustea daukagu hemen. Ez galdetu zergatik. Halako irudipen ezkutukoa da, eta gaur behar du izan.

Estutu eta ito egingo du Athleticek Zaragoza. Ez dio utziko bere zelaitik ateratzen. Erasoan, aurkariaren area ertzeraino eramango du baloia, baliabide taktikoak eta teknikoak bikain uztartuz. Erremate asko egingo ditu, eta golak sartzen eraginkorra izango da.

Gaur da gaua!