Gau magikoa izan zen
REALA-ATLETICO MADRIL (gaur, 21:30)
Aurkari gaindiezina ematen du gaurkoak, baina lehen ere menderatua izan da Anoetan; partida haietako bat gogoan gordetzekoa izan zen.
Asteon irakurri diot Ander Altunari Berrian Real hau eta Jose Mari Amorrorturena alderatzen. 2004-2005ean ekin zion Realeko bideari entrenatzaile euskaldunak, eta hurrengo sasoia osatu aurretik kendu zuen zuzendaritzak. Osatu gabeko sasoi hartakoa da orain datorrena.
Atletico Madril 2004ko irailaren 21ean azaldu zen Anoetan. Ligaren hasiera zen, eta ohi den moduan, dena irabazteko hautagai zen Espainiako taldea. Torres, Kezman, Maxi Rodriguez, Luccin… jokalari onak zeuzkan. Oker hasi zen lehia Realerentzat, 0-2 galtzen ari zelako 19.minuturako (Torres eta Kezman golegile).
Real hartan, egungoan bezala, harrobiko jokalariak ziren gehienak (11koa egun hartakoa). Bigarren zatian, irauli egin zuen emaitza jokalari multzo hark; garaipenaren gola Kovacevicek sartu zuen 91. minutuan. Poza eta algara Anoetan. Gau magikoa izan zen iraileko hura.
Zergatik ez da izango gaur gauekoa (21:30) ere zirrara berekoa? Ezin da ukatu Simeoneren Atletico hau hura baino hobea dela, baina Real hau ere hura baino hobea da, eta etxean dena irabazi du orain artean. Aurkariaren ezaugarri onak loratzen diren bezala zergatik ez dira loratzen norberarenak?