Garaiz joan zen atzera

Egilea:

Data: 2015/06/10

MUNDUKO KOPA 2015

Partida handia jokatuko dute bihar Alemaniak eta Norvegiak. Alemaniarren atean izango da Nadine Angerer atezain bikaina, munduko jokalari onenetakoa. Aitor Manterolak egin du bere ibilbideari buruzko erreportajea.

Munduko Kopa honetako aurreneko partida handia bihar gauean jokatuko dute Alemaniak eta Norvegiak (22:00, hemengo ordua). 2013an, bi urte dela, elkarren aurka aritu ziren Eurokopako finalean. Alemaniak irabazi zuen penaltietan, eta bi jaurtiketa geratu zituen Nadine Angerer atezainak; txaloak eta bibak berarentzat izan ziren.

Txapelketako jokalari onenaren saria eman zioten gero. Hala ere, saririk potoloena, inoiz jaso duen handiena FIFAk eman zion urte hartan bertan: urteko jokalari onenarena. Atezain batek lortzen zuen aurreneko aldia izan zen. Alemanian gozatu izan zuten antzeko sari batez 2002an; orduko hartan, Oliver Kahnek jaso zuen urte hartako Munduko Kopako jokalari onenaren saria, eta atezain batek jasotzen zuen aurreneko aldia izan zen hura ere.

Angererri emandako sari handiena ibilbide luze eta emankorraren gailurra izan zen. Hasi zenean, ez zuen berehalakon usteko halakorik jasoko zuenik. Angerer ez zen atezaina hasiera haietan; punta-erdian jokatzen zuen. Baina kasualitatez, txiripaz, atean sartu behar izan zuen, zelaikoa utzita eta itxita. Hofstetten taldean zen orduan, eta 1995ean Nurembergek fitxatu zuen. Denboraldi bat geroago Wacker Munichera joan zen, eta orduan jaso zituen atzerriko eskaintzak. AEBetako Ligakoak, hain justu. Baina ez zen joan. Bayernen jokatu zuen 1999 eta 2001 artean, eta Postdam talde handiak fitxatu zuen gero. Bi Liga, Kopa bat eta UEFA Kopa bat irabazi zituen Postdamen.

Gero joan zen atzerrira, Suediako Djurgardens taldera, baina hurrengo urterako bueltan zen. Frankfurtek fitxatu zuen, Alemaniako beste talde erraldoiak. Bost denboraldiz egon zen bertan, eta urrutira joan zen gero: Australiara, Brisbane Roar taldera. Denboraldi bat egin han, eta AEBetan dabil orain, Portland Thorns taldean.

Alemaniako selekzioko kapitainak ez zuen lan handirik izan Munduko Kopako estreinakoan, 10-0 menderatu zutelako Boli Kosta. Atea hutsean. Gauza bera egin zuen 2007ko Munduko Kopan 540 minutuz, eta Walter Zenga italiar atezain mitikoak lortu zuen balentria hobetu zuen. 517 minutuz utzi zuen atea hutsean Zengak 1990eko Munduko Kopan. 2007ko txapelketan egin zuen debuta Angererrek selekzioarekin, eta orduan ere kasualitatea tarteko. Izan ere, Silke Rottenberg atezain titular mitikoak lesio larria izan zuen denboraldian zehar, eta Angererrek bete zuen bere lekua. Hor jarraitzen du ordutik.

Eta palmaresa gizendu nahi du. Munduko Kopa bukatu eta gero ez du gehiago jokatuko Alemaniarekin; hala iragarri du. Zer hobe irabaziz adio esatea baino. Bi aldiz du irabazia Munduko Kopa (2003 eta 2007) eta bost bider Eurokopa (1997, 2001, 2005, 2009, 2013).

Olinpiar Jokoak irabazi gabe utziko du selekzioa atezain handi honek. Brontzezko hiru domina baditu, hala ere.

Bere garaian zelaian atzera egin zuenak aurrea hartu die askori garaipenen zerrenda potoloa lortuz. Garaiz joan zen atzera.