Garaipenaren gozotasuna dastatzeko aroa
ALAVES (erreportajea)
2. mailara igo berri den taldearen ezaugarriak xehetu dizkigu Joseba Urkiolak
Ez du berehalakoan ahaztuko euskal futbolak 2013.urteko ekainaren 1a. Alaves berriro ere 2. Mailan da, zerutik gertuago eta erraldoiak hobeki ikus ditzakeela. Denboraldi borobila, eredugarria osatu dute babazorroek aurtengo honetan. Ikuskizunari bizkar eman gabe, erraztasunari eta pragmatismoari eman diote bide Natxo Gonzalezen mutilek. Gasteizko entrenatzaileak hasiera-hasieratik ondo jakin du zer izan duten muga, eta horri balioa emanaz, aurkari ikusezin bilakatu dira une askotan talde ugarirentzat.
82 punturekin amaitu zuten liga eta guztira denboraldi osoan 23 gol bakarrik hartu dituzte. 2.B maila guztian puntu gehien poltsikoratu eta gol gutxien hartu dituen taldea da Alaves. Zilarrezko mailari distira berezia atera diote, eta historian barneratu dira. Atze sendoa, erdialde langilea eta gutxi barkatzen duen aurrea. Horiexek izan dira Gonzalezek bere arbelean astea joan eta astea etorri argi eduki dituen ideiak. Borja Vigueraren artea, Gorka Labordaren argizpiak, Jagoba Behobideren zuhurtzia, Sendoa Agirreren heldutasuna, Juanmaren partida hausteak, Manu Gartziaren atzealdeko ziurtasuna eta Guzmanen slalom mingarriak gero etorri dira. Denak ere beharrezko azken arrakasta oparorako.
Javi Zubillaga Alaveseko kirol zuzendariak lan eskerga izan zuen iazko udan, baina aurreko buruhausteek fruitu gozoa eskaini digutela aitortu behar. 3 jokalari bakarrik geratu ziren iazko denboralditik. Tartean Sendoa Agirre eta Oscar Rubio. Pausoz-pauso eta egunerokotasunari bide emanez gauzak taxuz lantzeko moduan izan dira. Iraila amaieran Ipuruan 3-1 Eibarren aurka galduta ustekabeko belarrondokoa hartu zuten. Sanseren eta Osasuna Bren aurka 0-1 Mendizorrotzan galtzeak ere izu pixkat sortu zuen Alaveseko zale sutsuen artean. Erraz ezereztatu diren zauri txikiak izan dira. Errege Kopan Bartzelonaren aurka jokatzeak eta denboraldian zehar astero plazaratutako ziurtasunak, Mane eta Ondarruk gidatutako aro historikoaren futbol esentzia ekarrarazi dute Gasteizera. Tudelanoren aurka Mendizorrotzan elkartutako 13 mila lagun eta aurreko larunbateko 18 mila zaleak dira horren eredu.
Jaeneko La Victoria zelaian hartutako sustotxoak alde batera utzita, Alavesek zuku ederra atera die azken hats honetan Borja Viguerak jaurtitako bi penaltiei. Askok zalantzan jarritako jokaldia izan da iragan larunbatean Juanmari eginiko falta, baina Natxo Gonzalezek argi esan moduan xehetasun bat besterik ez da. Jaenek Gasteizen ez zuen jaurtiketa bat bera ere egin atera, eta horrek zerbait esan nahi du. Luciano, Javi Hernandez, Manu Gartzia atzea ondo asebetetzeaz arduratu dira, eta aurreko larunbatean ere lortu zuten. Alaves 2. mailako taldea astero eginiko lanari esker da, ez da une zalantzagarri eta puntual baten ondorioz.
Gasteiz zuri-urdinez 24 orduan mozorrotua ibili ondotik, asteburu honetan Tenerife izango dute aurkari babazorroek. Loria dastatzen duen beste historiko bat. Kanariarrak ere heldu den denboraldian zilarrezko mailan izango dira. Baina oilarretan oilarrena zein den jakin nahi dute 2.B mailako antolatzaileek, eta horri ekingo diote ondorengo orduetan. Lehen partida Gasteizen, bigarrena Heliodore Rodriguez zelai mitikoan.
Jokalariek oporrei bide egiten dien bitartean, talde gloriosoko kudeatzaileak heldu den denboraldia irmoki prestatzen hasiak dira. Iragan igandean Andre Mari Zuriaren enparantzan Josean Kereketak Euskal Telebistari argi adiera bezala, 2. mailako Alavesen koadernoa aspalditik dago koloreztatua, eta aurre lan sendo bat beretua dauka. Zale eta kazetarien artean zalantzak asko dira. Jokalari gehienei ekainean kontratua amaitzen zaiela kontuan hartuta; aurpegi berrien festa handi xamarra izango dela iragar daiteke. Momentuz Borja Viguerak, Guzman Casasecasek eta Manu Gartziak jakinekoa dute segiko dutela, baina gehiengoaren artean zalantzak nagusi.
Heldu den asteetan zalantzak argituta geratuko dira. Orainari begiratuta gozatzea dagokie Alaves zale denei. 4 urte 2.B mailan igaro eta makina bat negar mingots zukatu ondotik, loria dastatzeko ohorea dute eta jarrai dezatela horretan. Gasteiz eta talde babazorroa uztarri bereko bikoa direla norbaitek zalantzik bazuen, aurreko asteburuak zalantza denak argitu ditu, eta hori elikatzen jarraitzea dagokie ondorengoei. Euskal futbola pozik egoteko moduan da. 3 urteren ostean, berriro ere euskal talde bat zilarrezko mailan.