Gandorra moztu du
EUROKOPA 2012
Espainiak oso erraz menderatu du Frantzia (2-0), eta finalerdietan, Portugal izango du aurkari.
- Final-laurden hau ere aurreko bien antzekoa: zuri-beltza. Sekulako aldea talde batetik bestera. Espainiak jan egin du Frantzia, oilar eta guzti. Emaitzak azaltzen duena baino errazago nagusitu zaio (2-0).
- Espainiak berea egin du. Baloia mugitu. Besteetan baino azkarrago, eta jokalariak gehiago mugitu dira lekuz. A ze aldea!
- Frantziak bere gandorra moztu du gillotinan. Aldagelan. Edo hotelean. Berdin dio non, eta ez du axola nork. Izututa atera da. Oso bigun egin ditu defentsako lanak. Eta galdera bat: defenditzera ateratzeko ez litzateke hobea defenditzeko borondatea duten jokalariak ateratzea hasieratik, eta ez bakarrik erasoa buruan duten batzuk (Ribery, esaterako). Adibide zehatza da Riberyrena: hori da hori zuloa utzi duena bere taldearen ezker hegalean. Clichy galduta dabil oraindik. Gainera, erdikoen laguntza nork emango eta Maludak, sasoi on hura aspaldi galdutakoak. Agian, Blancek nahi zuen Riberyk Cristianorena egitea, eta berak esan dio ez defenditzeko. Baina hala izan bada, ez jarri Maluda Clichyri laguntzen.
- Ausartago atera balitz, berdin-berdin galduko zuen ziurrenik, baina ez zuen emango hain itxura tristea Oso txapelketa epela jokatu du, bero-bero azaldu bazen ere. Ezuste txarrenetakoa izan da
- Atzelarien lerroa aurreratuta aritu da Frantzia. Ez da aukera txarra, Espainiak Torres gabe jokatu duelako (atzelarien bizkarra oso ondo baliatzen du). Baina ezinbestekoa da beraien aurrekoek ondo estutzea aurkariak, eta Riberyk gaur jai, Maluda ezinean, Cabaye besteen zuloak eta bereak estali nahian… Horrela ezinezkoa da.
- Espainiak baloia hegal batean zuenean, erabat botata egon da Frantzia hegal horretara, eta beste aldean, zuloa galanta. Xabi Alonsok ederki baliatu du aukera, aurpegiz jarri, baloia hartu eta jokoa hegalez aldatzeko. Xabi Alonso beraren lehen gola (19.min.) ere horrelakoa izan da, baina pasea eman ordez, berak sartu du gola; hegal batean hasi, eta kontrako aldetik sartu da euskal herritarra, buruz erremate bikaina egiteko.
- Bigarren zatian, ez sinesteko datua: bi taldeek ez dute atera bota. Saiatu da batzuetan Frantzia baloia gordetzen, baina aterako zirrikiturik ikusi ez, edo gaitasunik ez sareen zuloetara iristeko. Bien bitartean, Espainia eroso, aukerak sortzeko beharrik gabe.
- Orain, Portugal eta Espainia parez pare finalerdietan. Grazi pixka bat gehiago edukiko al dute, behintzat, finalerdiek…