Galtzeko asko, eta irabazteko ere asko
OSASUNA-REAL MADRIL (gaur, 20:00)
Puntu premia larria du Osasunak, eta aurkaria handia izan arren, irabazi beharrean da.
Futbolean, gizartean bezala, betiko esaldiek egundoko leku pila betetzen dute. Esaldi horietako batzuk zuzenak izan daitezke, baina badira oker askoak ere; esan eta esan, jendeak sinetsi egin dituenak, gainera. Okerretako batek honela dio: “Irabazteko asko, eta galtzeko gutxi”.
Hau da egoera: bi talde aurrez aurre, bat handia, bestea txikiagoa. Txikiak irabazteko aukera gutxi duenean esaten da “irabazteko asko, eta galtzeko gutxi”. Irabaztea egundokoa litzatekeela, ezuste galanta, eta galtzea, aldiz, guztiz normala, ezer gertatuko ez balitz bezala.
Osasunakoei galdetu ea gaur Real Madrilen aurka galtzea garrantzirik gabeko kontua denik, “nola Real Madril boteretsua den aurkaria…”. Galtzen badu, asko galduko du, premia gorrian delako, puntu beharrean. Azkena da sailkapenean, eta galduz gero eta goikoek irabaziz gero, zaildu egingo zaio salbazioa. Asko ala gutxi du galtzeko Osasunak gaur gauean?
Jakina da Real Madril dela faboritoa, baina galdu izan ditu eta berdindu zenbait partida denboraldi honetan. Gaur zergatik ez beste bat? Osasunak eraman beharko du bide horretan barrena. Intentsitate handiz jokatuz, huts gutxi eginez, aukerak sortuz eta sartuz, ausart jokatuz, aurkariari erakutsiz zaila izango duela puntuak ateratzea Sadar zaharretik…
Gauza asko dira batera egiteko, baina zerbait ona nahi badu, ezinbestean egin behar. Irabaztea handia litzatekeelako, eta galtzea, beste galera handi bat.