Galiarrak erromatarren aurka

Egilea:

Data: 2012/03/31

Osasunak Real Madrilen kontra jokatuko du gaur Sadar zaharrean (20:00), eta Athleticek Bartzelonaren zelaian (22:00).

Espainiako Liga erromatarren inperio haren parekoa da. Enperadorea izateko lehia estua daukate bik: Real Madrilek eta Bartzelonak. Ezin dute elkar ikusi, eta egin daitekeen guztiaz gain, ez harritu beste zerbait ere egitea boterea eskuratzeko.

Inperioa hedatua daukate mundu osoan. Dirutza erabiltzen dute han eta hemen, hainbat estrategia gehiago zabaltzeko beren esparrua, ugaritzeko aberastasuna. Zale asko dauzkate munduan barrena, baina leku guztietan ez dira maitatuak. Inperio berezi honek ere badu bere Galia.

Euskal Herrian, bistan da Real Madril ez dela miretsia. Bartzelona, aldiz, maitatua ere bada. Baina boterea irudikatzen duen neurrian, berari irabazteko gogoa apartekoa izaten da.

Bada, gaur, Galiako bi taldek jokatuko dute Erromako inperioaren aurka: Osasunak lehendabizi, Athleticek gero.

Esan beharrik ez dago enperadore izateko bi hautagai baino ez daudela. Real Madril doa aurretik, sei puntuko aldearekin. Erosoago ibili izan da lehia horretan, baina azkenaldian gerturatu egin zaio aurkaria.

Gaur, etxetik kanpo eta Galian bertan jokatzen duelako, partida gaiztoa du Real Madrilek. Osasunako kideak, jokalari, entrenatzaile eta zale, hedabe magikoa hartuta baleude bezala aritzen dira beraien aurka. Garaituko al dute inperio zuria? Erantzuna 20:00etatik aurrera.

Beste galiarrak, Athleticek, zailagoa du iraultza eragitea. Erroman bertan aritu beharko du, gladiadoreen pare, herri guztia aurka duela. Gainera, 48 ordu lehenago beste zirku batean egona da taldea, beste borrokaldi gogor batean. Horra inperioaren beste erakustaldia, partidako ordua jartzerako orduan indarra erakutsi baitu, boterea. Baina erne galiar hauekin! Lehen ere garaitu dituzte erromatarrak eta. Ez gutxitan, gainera. 22:00etan hasiko da borroka.

 

http://www.youtube.com/watch?v=Mc0XBN_zs30

http://www.youtube.com/watch?v=cjFASJQIFFQ