Galdutako sendotasunaren bila
ALAVES (analisia)
Alaves larri dabil, eta taldearen arazoen diagnosia egin du Naxari Altunak.

elcorreo.com
“90 minutuetan arretaz jokatu behar duzu Bigarren Mailan. Akatsak larrutik ordaintzen dira. Erritmoa biziagoa izanik, huts nimiñoena nahikoa da egindako lan ona zapuzteko”. Jagoba Beobide Alaveseko erdilariak hausnarketa hori egin zuen Recreativoren aurka jokatu aurretik, artean Natxo Gonzalez arabarren entrenatzailea zela. Alavesek bi goleko errenta izan zuen partida hartan, baina Tenerifek aste batzuk lehenago bezala, Huelvakoek helduleku bat aurkitu zuten markagailua orekatzeko: Alavesen ahuldadea. Bi hilabete igaro dira eta taldeak hauskorra izaten jarraitzen du. Eibar, Jaen eta Gironaren aurka Mendizorrotzan gertatutakoa lekuko.
Natxo Gonzalez kargutik kendu zuten Ponferradinaren aurka etxean berdindu eta gero. Juan Carlos Mandia, bere ordezkoak, sei partida zuzendu ditu eta sakoneko arazoak areagotu dira. Emaitzez haratago (bi garaipen, berdinketa bat, hiru porrot), taldearen jokoa da kezkagarria. Alavesek aurrelari handi bat aurkitu du: Borja Viguera. Bigarren mailan oso talde gutxik dute maila horretako golegilea. Deportivok, orain arteko liderrak, esaterako, ez du horrelako futbolaririk. Defentsako lanari esker etekin handia atera dio lortu dituen gol apurrei talde galiziarrak eta horrek eman dio oreka. Talde baten neurgailu nagusia da hori. Alavesen kasuan, deigarriena joan zen denboraldian igoera ahalbidetu zuen taldearen sendotasuna desagertu izana da. Bigarren B-ko talderik indartsuena izan zen. Txapeldunen arteko lehian Jaen kanporatuta igo ziren arabarrak, baina azpimarragarriena ligan egindako lana izan zen: soilik 22 gol sartu zizkioten 38 partidetan.

deportivoalaves.com
Joan zen asteburuan hasi zen bigarren itzulia, eta orain arte jokatutako 22 partidetan 34 gol hartu ditu Alavesek. Joan zen denboraldi osoan baino 12 gehiago. Dagoeneko. Egia da Bigarren maila dezente zailagoa dela, baina koska ez da hori; arazoa, Alavesek lehiatzeko galdu duen grina da. Fidagarritasuna galdu du.
Atzealdeko lerroa makala da, baina sendotasun galerari buruz ari garelarik, ahuldadea talde osoari egotzi behar zaio. Zelai erditik hasita. Mandiak aldaketa sakona egin du erdialdeko egituran. Erabaki horren muinean, euskarri bat fitxatzeko aldarrikapenari lotu zaio entrenatzailea. Jaume Delgadok eta Jagoba Beobidek denboraldi t’erdian osatutako bikotea hautsi eta Alex Ortiz erdiko atzelaria euskarri bihurtu zuen. Haren alboetan bi jokalari ipini zituen: Beobide eskuinean eta Manu Garcia ezkerrean. Jagoba Beobide taldeko erdilaririk sendoena izanda, erdilari aurreratu jarri zuen entrenatzaileak, aurkaria estutzeko aurreneko osagai gisa. Manu Garcia, berriz, atzealdeko ezker hegaletik zelai erdiko barrualdera mugitu zuen Mandiak. Nahasketa ez zen ona izan. Eta joan zen larunbatean, Gironaren aurka, hiruko are xelebreagoa zelairatu zuen: Manu euskarri, Emilio Sanchez joko antolatzaile, eta Beobide batera eta bestera, aurkaria estutzen. Zelai erdi hauskorra.
Borja Viguera aurrealdeko erreferentzia gisa jokotik urrun bizi da. Aukerako baloiak ez zaizkio iristen, eta atzelariekin duen borroka antzua da. Azken boladan penaltiz egin ditu golak. Besterik ez. Ion Velez eta Toti saiatzen dira hegaletan, baina ezin lana borobildu.
Ezinak jota, taldea lotuta dabil. Eta Gironaren aurkako partidan, orain arte ez bezala, zaleek eztanda egin zuten. Palkoan Josean Kerejeta zegoen. Etsita atera zen Mendizorrotzatik arabarren burua, fitxaketak lehenbailehen egiteko asmoz (erdiko atzelari, ezker atzelari, euskarri bat). Bizkarrezur berria.
Orduan, Javier Zubillaga kirol zuzendariarengana bideratzen dira kritika guztiak. Udako fitxaketak berandu eta gaizki egin zituelakoan… Lesioak izan dira bidean, berandu iritsi ziren fitxaketei kosta egin zaie hamaikakoan lekua hartzea, batzuk ez daude sasoiko, eta horrek entrenamenduen maila ere kolokan jarri du.
Alaves merkatutari so jarri dela argi dago. Baina benetako arazoa talde egituran dago: Viguera umezurtz ageri da aurrealdean eta jokamolde trinko bat faltan botatzen da.