Gaizka Garitano: A8an gora eta behera
SOSLAIA
Eibarko entrenatzailearen ibilbideari errepasoa… eta geroan izan daitekeenari kukua.
Garitano sendian, ume bat jaiotzen denean, semea bada, ez da igarlea izan behar jaioberri horren etorkizuna baloi bati lotuta egongo dela ondorioztatzeko, azken hamarkadetan gertatu denari erreparatzen badiogu, non Garitano abizena maiz entzun izan den gure zelaietako harmailetan. Gaizka bera, 90. hamarkadan Athleticeko ezker hegalaren jabe izan zen Ander Garitanoren iloba da. Bitxikeria modura, eta Euskal futbolaren inguruko trivial baterako datu gisa, biak ala biak goi mailako euskal talde bateko kapitainak izatera heldu izan dira, Ander Athleticen, eta Gaizka Eibarren.
Ilobaren kirol ibilbidea, ordea, osabarena baino arrakalatsuagoa izan zen, joan etorri handikoa, A 8an barrena, gora eta behera: Lezaman hazia eta hezia, bertatik irten zenean, Bilbao Athleticeko aroa agortuta, eta lehen taldera igotzeko apenas aukerarik gabe (partida bakarra jokatu zuen lehen taldearekin, UEFA kopan), gutxi irudikatuko zukeen azken hamarkadetan gure futbola aztoratu izan duen bi gertakari garrantzitsutan protagonistetako bat izango zenik: 2004-2005 denboraldian, bera kapitaina zela, Eibar Lehen Mailara igotzeko borrokatu zen, azken jardunaldira arte, eta urte hartan irabazitako sonak Lehen Mailako ateak ireki zizkion, Realean. Garai latzak izan ziren haiek, bai berarentzat zein talde txuri-urdinarentzat, eta aurreko urteetan maila galtzeko zorian egon ondoren, 2006-2007denboraldian, Realak infernurako bidea hartu zuen, purgatoriotik igaro gabe. Futbolaren aurkia eta infrentzua, urte pare baten bueltan. Gaizka Garitanok Alavesen bukatu zuen bere kirol ibilbide luzea, baina, hala ere, hainbeste urteren buruan ez zen futbolaz ase, nonbait, eta entrenatzaile ibilbideari ekin zion bere Eibar kuttunean. Lehenik eta behin laguntzaile gisa, eta ondoren bigarren taldeko entrenatzaile moduan. Bertan egindako lan onak lehen taldea zuzentzeko aukera eman dio aurten, eta momentuz ezin ukatu apustua egokia izan ez denik: taldeak igoera postuetan hartu du ostatu txapelketaren lehen egunetik, eta ez dirudi bertatik alde egiteko asmorik duenik. Hori gutxi balitz, Kopan final-zortzirenetara heldu da. Eta ez heldu bakarrik, joaneko emaitzak (0-0) kanporaketa irekita utzi baitu.
Jokalari moduan defentsako euskarria zen: isila, langilea, talde bati nortasuna ematen dioten horietakoa, ipar-orratza bai berdegunean zein bertatik kanpo. Entrenatzaile moduan, Athleticen aurka, eta San Mamesen, horrek esan nahi duen guztiarekin, bere taldeak erakutsiko duen izaera ikusteke dago. Nolanahi ere, badirudi aulkietan ibilbide luzea izan dezakeela, eta egokituko zaiola aurrerantzean ere A8an gora eta behera aritzea.