Futbolaren hilik beltzena

Egilea:

Data: 2015/05/06

INGALATERRAKO FUTBOLAREN HISTORIA

1985eko maiatzaren 11n, Bradfordeko futbol zelaiko sutean 56 lagun hil ziren; hilaren 29an, beste 39 zendu ziren, Heyseleko tragedian.  Bi tragediak gogora ekarri dizkigu Dabi Piedrak.

1980ko hamarkadan, istripu eta hondamendi asko gertatu ziren Britainia Handiko futbolean. Izan ere, futbol zelaiak zaharkituta zeuden eta gaur eguneko segurtasun neurririk ez zegoen asmatuta. Bestetik, hooliganen eta indarkeriaren arteko harremana une gorenean zegoen. Tragediak goia jo zuen 1985ko maiatzean, orain dela 30 urte. Ingalaterrako futbolaren historiako gertakari lazgarrienetako bi 18 eguneko aldeaz gertatu ziren.

Maiatzaren 11 ospakizun eguna zen Bradforden, Yorkshireko konderrian. Hango taldeak bigarren mailarako igoera lortu berria zuen eta ligako azkenengo partida jai giroan jokatzekoa zen. Bradford City-Lincoln norgehiagoka hura, ordea, ez zen inoiz bukatu: lehen zatiko 40. minutuan, harmaila nagusiaren azpitik kea irteten hasi zen, ondoren garrak eta, konturatu orduko, harmaila osoa hartu zuen suak. Epaileak neurketa gelditu zuen eta ikusleek zelaira egin zuten ihes. Ahal izan zutenek, behintzat. Garrek lau minutuan irentsi zuten harmaila osoa, hau egurrezkoa baitzen. 56 pertsona hil ziren sutean eta 200etik gora zauritu ere izan ziren.

Bradfordeko Valley Parade zelaiko harmaila nagusia hurrengo astean ziren eraberritzen hastekoak. Haren egurrezko egitura zaharkituta zegoen erabat eta teknikariek arriskutsutzat joa zuten. Sutea, ordea, azpian pilatutako zikinkeriak hauspotu zuen. Harmailen arteko zulotxoetatik, urteetan, zaleek zigarrokinak, poltsak eta bestelako hondakinak bota zituzten, eta inor ez zen arduratu hura garbitzeaz. Harmailaren azpian, inork ikusten ez zuen lekuan, erregai aproposa pilatu zen. Maiatzaren 11 hartan, txarto itzalitako zigarroren batek piztu zuen txinparta. Hori gutxi ez eta larrialdiko irteera batzuk giltzaz itxita zeuden. Gainera, su itzalgailurik ez zegoen, hooliganek erabilera desegokirik ez ziezaieten eman.

Bradfordeko hondamendiaren oihartzuna artean apaldu gabe zela, Heyseleko tragedia iritsi zen, maiatzaren 29an. Egun hartan, Bruselako Heysel estadioan, Liverpool eta Juventus ziren jokatzekoak, Europako Kopako final handian. Talde bietako jarraitzaileek, baina, elkarri harriak botatzeari ekin zioten. Azkenean, Liverpooleko zale talde batek hesi bat apurtu zuen eta Juventuseko zaleak zeuden eremura (Z harmailara) igaro ziren. Hauek, ikaratuta, atzera egin zuten eta hormaren kontra pilatu ziren. Nahaspila hartan, horma apurtu eta erori egin zen. 39 zale hil ziren, gehienak Juventuseko jarraitzaileak. 600 zauritu inguru ere zenbatu zituzten larrialdi taldeek.

Z harmailako gertakariek gainerako harmailetako Juventus-zaleak sumindu zituzten eta, minutu gutxiren buruan, Heysel guztira zabaldu ziren istiluak. Poliziak orduak behar izan zituen zaleak baretzeko. Agintariek erabaki zuten finala jokatzea, bertan behera utziz gero istiluak are larriagoak izango zirelakoan. Norgehiagoka hasi zenean, zelaiko eremu batzuetan artean borrokaldiak zeuden poliziaren eta zaleen artean. Finala Juventusek irabazi zuen, Michel Platinik penaltiz sartutako golari esker.

Hasierako txostenek Liverpooleko zaleei egotzi zieten hilketen erru guztia. Ingalaterrak bere zaleen portaera zaintzeko gaitasunik ez zuela ebatzita, bertako taldeek ezin izan zuten Europan lehiatu hurrengo bost denboraldietan (Liverpooli urtebete gehiagoko debekua ezarri zioten). Hala ere, gerora egindako beste ikerketa batzuek poliziaren antolakuntzari ere leporatu izan diote erruaren zati bat. Istiluak eragozteko jokabide aproposik ez izatea leporatuta, polizia buru batzuk epaitu zituzten Belgikan.

Futbolarentzat eta, bereziki Ingalaterrako futbolzaleentzat, hilik beltzena izan zen 1985eko maiatz hura. 30 urte geroago, harmailetako segurtasuna handitu egin da, eta portaera biolentoak eragozteko mekanismoak eraginkorragoak dira. Beraz, Bradford eta Heyselekoak bezalako hondamendiak gertatzeko arriskua hutsaren hurrengoa da gaur egun. Hala ere, zaleek ez dituzte ahaztu orain dela hiru hamarkadako tragediak. Esate baterako, apirilaren azken asteburuan, Ingalaterrako ligetako partida guztien aurretik minutu bateko isilunea egin zuten jokalari eta zaleek, Bradfordeko biktimak gogoan. Premier Leaguetik lehiaketa amateurretara, maila guztietako klub guztiek egin zuten bat ekimenarekin.